2009tik, Elgoibarko kultur agendan leku berezia izan du urriko programazio honek. Gotzon Garate euskaltzale eta idazlearen omenez egin zen aurrenekoa, bera hil eta urtebetera. Ordutik formatu ezberdinak hartu ditu, baina antolatzaileen esanetan, helburuak hasierako berbera izaten jarraitzen du: elgoibartarren artean euskalduntasuna sustatzea. Aurten, euskaldunon iraganaz eta etorkizunaz gogoeta egitera gonbidatu dituzte euskal kulturgintzan itzal handia duten bost lagun. Hiru hitzaldi eskainiko dituzte, urriaren 9an, 16an eta 23an. Hona hitzaldi bakoitzaren inguruko xehetasunak:
- Eñaut Elorrietak eta Mikel Markezek eskainiko dute lehen hitzaldia, musikatua gainera: Baga, biga, higa. Euskal musikaren historia ezagutzeko hitzaldia. Esan bezala, lehenengo hori datorren eguaztenean izango da, 19:00etan, musika eskolako auditorioan.
- Bigarrena, urriaren 16koa, Kike Amonarriz soziolinguistak emango digu: XXI. mendeko euskaldunak: Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada! hitzaldia. Bigarren hori, ordea, musika eskolan beharrean Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, hori ere 19:00etan.
- Eta azkena urriaren 23an izango da. Lorea Agirrek eta Unai Iturriagak eskainiko digute azken hitzaldia. Kazetaria eta antropologoa lehena eta bertsolaria eta idazlea bigarrena. Euskalgintzan orain artean egindakoa baloratu eta etorkizunean egin beharrekoez jardungo dute. Hori ere, Amonarrizena bezala, 19:00etan izango da, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
∞Lotura duten albisteak:
- ‘Nafarroa arragoa!’ programa aurkeztu dute herriko hainbat eragilek elkarlanean (2012-09-28)
- Elgoibarko toponimiari buruzko saioak irekiko du ‘Izanaren izena’ zikloa (2011-10-05)
- ‘Euskara ala ezkara’ hitzaldi zikloa, asteazkenetik aurrera (2010-10-15)
- Gotzon Garateren omenezko hitzaldi zikloa urriaren 21ean hasiko da (2009-10-16)
- Gotzon akorduan daukagula jarraitzen dogu (2009-10-16)