Toxikotasun handiko kokaina lagin bat antzeman zuten Elgoibarren San Bartolome jaietan

elgoibarren.net 2013ko urr. 3a, 17:09

Abuztuaren 31n Elgoibarren egindako Testing esku hartze batean substantzia arriskutsu bat antzeman zutela jakinarazi dute Ai Laket!! elkarteko kideek. Aztertutako kokaina lagin batean sodio karbonatoa antzeman dutela estreinakoz azaldu dute. Substantzia hori kontsumitzeak goragalea edota beherakoa eragin ditzake, besteak beste.

 
 Ai Laket!! drogen erabileran dauden arriskuak gutxitzen lan egiten duen elkarteak testing zerbitzuak eskaintzen ditu han eta hemen, eta Elgoibarrera ere etortzen dira urtero San Bartolome jaietan. Aurten ere etorri ziren, abuztuaren 31n, hain justu ere. Egun horretan jasotako laginak EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrera (SGiker) bidali zituzten gero, han dituzten laborategietan sakonago aztertzeko.

1706637309621 Toxikotasun handiko kokaina lagin bat antzeman zuten Elgoibarren San Bartolome jaietan

Elgoibarren batutako lagin horietako batean arrisku handiko substantzia bat aurkitu dutela ohartarazi dute. “Sodio karbonatoa antzeman da estreinakoz kokainazko lagin batean. Kokainari pisua gehitzeko material gisa sartuko zuten seguruenik. Substantzi horrek beste osagarriekin erreakzionatzen du laginaren pHa igoz, eta igoera hori arriskutsua da giza gorputzentzat”, adierazi dute. (Ondoko argazkian ikus daiteke Elgoibarren jasotako laginaren konposaketa)
 Era berean, sodio karbonatoaren kontsumoak, kontsumo bidearen arabera, leku batean edo bestean narritadura eragin dezakeela azaldu dute; muki-mitzetan, sudur-zuloetan, ahoan, eztarrian, esofagoan, e.a. “Substantzia hartu eta gero goragaleak, gonbitoa edota beherakoa gerta daitezke. Hartuz gero gomendatzen da ura edo esne edatea. Ez da gonbitoa eragin behar, eta gauzatzekotan likido asko edatea komeni da. Ez da ez edari karbonatadunik ez edari azidorik hartu behar”.

Kokaina kontsumitzen duten lagunentzako oharra

1706637309680 Toxikotasun handiko kokaina lagin bat antzeman zuten Elgoibarren San Bartolome jaietan

Laginen konposaketa zehatza jakiteko bide bakarra analisia dela gogora ekarri dute Ai Laket elkartekoek “Gure web orrialdean Testing proiektuaren eta Ai Test Gunearen datak ikusgai daude. Hauetan, analisia dohainik egin daiteke. Kokaina hartzean ohikoa baino narritura handiagoa nabaritzen baduzu, edota aurrerago deskribatu diren eraginak badituzu (goragalea, gonbitoa…), kontutan hartu sodio karbonatoarekin aizunduta egoteagatik izan daitekeela. Gogoratu kokainagatik, aizunketengatik eta diluitzailengatik eman daitezken arriskuak eta gozamenak aintzat hartzea dela kontsumo arduratsu baten oinarria. Azken boladan susmagarria den kokaina laginak ikusi edo hartu badituzu, ahal izanez gero ekarri gurera aztertzera, eta ahal bada ezaiguzu laginaren itxura, non erosi den, eraginak, e,a”.