Koska taldearen ‘Garraztasuna’ abestiaren bertsioa egin du Ruper Ordorikak bere azken lanean

elgoibarren.net 2013ko urr. 4a, 15:04

 
Ruper Ordorikak disko berria kaleratu du gaur, Azukre koxkorrak. Hamabi talde edo artisten kantuak bere egin eta horiekin osatu du tributo-albun bezala definitu duten diskoa. Bertsionatu dituen abesti horietako bat da Garraztasuna, Elgoibarko Koska taldeak 1976an argitaratu zuen estreinako diskoko abestia. Originala eta bertsioa entzun nahi al dituzue?


Koska taldeko kideak.

Euskal kantagintzaren atarian, badok.infon, jasota dagoen moduan, Euskarazko rockaren lehen belaunaldiko taldea izan zen Koska. Expresion Sonora taldetik sortu zen Elgoibarren, 1974an, eta rock jaialdi askotan parte hartu zuen. Lehen diskoa, Koska (IZ, 1976), euskarazko rockaren lehenengoetakoa izan zen, Errobi taldearenarekin batera. 80ko hamarkadan rock emanaldiak utzi eta plaza talde bilakatu zen. Alfonso Guillo eta Gabi Agirregomezkorta izan ziren taldeko buruak, baina honako hauek ere osatu zuten taldea: Txerra Gurrutxaga (kitarra eta kantaria), Endika Iriondo (bateria) eta Mitxi Diego (gitarra akustikoa).
Azukre Koxkorrak, tributo-albuma
 Ruper Ordorikak Koska diskoko abesti bat, Garraztasuna izenburukoa (originala Youtuben), aukeratu du bere tributo-albunean sartzeko. Azukre koxkorrak izena jarri dio bakarlari oñatiarrak gaur, urriak 4, kaleratu den diskoari. Hainbat euskal kantu klasikoren bertsioekin osatu du diskoa, tartean Hertzainaken Sigarrillos Amariyos, Itoizen Prophezia, Kortaturen Sarri sarri, Errobiren Sartu, Xabier Leteren Izarren Hautsa, Mikel Laboaren Gure Bazterrak, Delirium Tremensen Nahia, eta abar. Spotify sarean jarri dituzte entzungai abesti guztiak.
Ruperrekin harreman ona

Ordorikak moldatu dituen abestien diskoetako azalak.

Koskako taldekideek “poz eta atsegin handiz” hartu dute Ruper Ordorikaren ideia. “Koskarekin kontzertuz kontzertu genbiltzan garaietatik ezagutzen dugu Ruper, eta hartu-eman atsegina izan dugu beti, beste hainbat musikari eta talderekin izan dugun modu bertsuan”. Dena dela, elkarren berri izan arren, denbora luzez berba egin gabe egon ostean jaso zuten oñatiarraren deia. “Bere asmoen berri emateko hots egin zigun. Bere hurrengo diskoan gure abesti baten bertsioa sartzeko eragozpenik ba ote genuen jakin nahi zuen. Ez zegoela inolako arazorik erantzun genion. Are gehiago, pozez hartu genuela bere ideia jakinarazi genion”, adierazi dute Koskako taldekideek.
Garraztasuna, egoera sozial latzaren isla
 Garraztasuna abestia gogoko zuela jakinarazi zien Ordorikak eta huraxe aukeratu zuela Azukre koxkorrak diskorako. “Bere disko berriren egituran sartzeko aproposena zela pentsatuko zuen”, diote Koskako taldekideek. Gabi Agirregomezkortak egin zuen abestiaren musika eta Alfonso Guillok jarri zizkion hitzak. “Abesti asko bizi genuen egoera sozial latz haren isla ziren, modu batean edo bestean, eta kantu harekin (Garraztazuna) egoera gozoago batean bizitzeko geneukan ametsa irudikatu nahi genuen”, azaldu du Guillok letren harira. Alfonsok abesti hori askotan kantatzen bazuen ere, Youtubera igota duten abestian Txerra Gurrutxaga dela abeslaria argitu du Alfonsok berak. Gainerako taldekideek koroetan hartzen dute parte.