Salbea abestuz amaituko dira Errosario kaleko jaiak

elgoibarren.net 2013ko urr. 7a, 16:56

Errosariko Ama Birjinaren irudipean salbea abestuz amaituko dira gaur, 20:00etan, Errosario kaleko jaiak. Joan den asteburuak, baina, irudi asko laga ditu: sokamuturra, Munduko IV. Igel-toka jaurtiketako txapelketa, herriko ondarea hobeto ezagutzeko Pello Arrietak gidatutako ibilaldia, giza proba erakustaldia eta ezpata dantza, besteak beste. Ondorengo bideoan eta argazki-bilduman batu ditugu asteburuak emandako irudi esanguratsuenak. (argazkiak eta bideoa dauzka)

 
 Errosario kaleko jai batzordeak egitarau zabala prestatu du, beste behin ere, Errosarioko Ama Birjinaren omenezko festetarako. Joan zen urriaren 2an hasi zituzten ospakizunak Ama Birjinaren irudiari lore eskaintza eginez. Orduz gero jai giroa izan da nagusi Errosario kalean eta erdigunean.
 Barixakuan ia 50 bat lagunek eman zuten izena Munduko IV. Igel-toka jaurtiketako txapelketan. Azkenean, Enekok erakutsi zuen punteriarik onena eta berak eraman zuen saria: bizpahiru kilo bakailau. Anton Mugerza eta Arantzazu Zabala sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.

Giza proba erakustaldia Kalebarren plazan.

Zapatuan kirola eta kultura uztartu zituen jaietako egitarauak. Batetik, giza proba erakustaldia eskaini zuten Mendaro aldetik etorritako neska-mutilek, Kalebarren plazako probalekuan. Eta, bestetik, alde zaharreko ondare kulturala ezagutarazteko ekitaldia antolatu zuen Elgoibar Ondare Kulturala taldeak. Makina bat herritar batu ziren Pello Arrieta historialariaren inguruan haren azalpenak adi-adi entzutera. Ordu eta erdi inguruko saioan Errosario kaleko, Kalegoen plazako, San Bartolome kaleko eta Kalebarren plazako ondare kulturalaren errepasoa egin zuen Arrietak.

Errosarioko Amaren ezpata-dantza bosgarrenez
 Jaien barruan antolatutako kultur eskaintzak domekan izan zuen jarraipena, ezpata dantza izan zen-eta egitarauko ekitaldi nagusia. Duela 500 urteko tradizioa da Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek 2009an berreskuratu zuten ezpata dantza. Aurtengoa, gainera, berezia izan da. Elgoibarko dantza taldeak 40. urteurrena ospatzen dihardu, eta aitzakia bikaina iruditu zitzaien “ospakizunetarako eta atzerabegirakoetarako dugun behar natural hori askatzeko”. Hala, ohiko lau ezpata-txikien ordez zortzi dantzari irten ziren estreinakoz eta, era berean, Haritzen "luzaroan zuten onena emanaz" jardun zuten kideak omendu zituzten dantzan parte hartzera gonbidatuz. Haritzen webgunean ikus ditzakezue aurtengo ezpata dantzan parte hartu zuten dantzarien eta txistularien izenak. Eta Haritzekoek Flickerren duten kontuan ikus ditzakezue Iñaki Zugastik ezpata dantzan ateratako argazkiak.
•ARGAZKIAK: