Garraio publikoko sistema hobetzeko bilera egingo du Aldundiak Mendaron

elgoibarren.net 2013ko urr. 10a, 14:13

 
Gipuzkoako garraio publikoko sistema hobetu nahi du Foru Aldundiak, eta horretarako, herritarrekin bilerak egingo ditu, "haien beharren arabera" berritu asmo dituelako autobus kontzesioak. Debabarrenan egingo duten lehenengo bilera Mendaroko udaletxeko pleno aretoan egingo dute, urriaren 15ean, 18:30ean.

 


 Bilera irekia izango da Mendarokoa, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “erronka garrantzitsuenetako bat” Gipuzkoako garraio publikoko sistema hobetzea da, eta horregatik, agintaldi hau hasi zenetik hainbat neurri hartu ditu. Esanguratsuena, beste erakundeekin batera Mugi sistema ezartzea izan da, baina orain garraio publikoaren arloan iraultza egin behar duela adierazi du Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak.

 2013-2014 urteetan Gipuzkoako hego-mendebaldeko autobus emakidak edo kontzesioak berritu behar ditu Aldundiak, eta orain arte teknikarien eta politikoen irizpideen arabera berritu izan dira, baina oraingoan oso bestela egin nahi ditu gauzak Aldundiak, udalekin elkarlanean: “Herritarrekin hitz egin nahi dugu, herritarren beharrak entzun nahi ditugu eta hortik aterako ditugu datozen urteetarako garraio publikoko zerbitzuak. Herritarren nahierara egindako garraio zerbitzuak izango dira. Horretarako Gipuzkoako 56 herritan parte hartze prozesuak egingo ditu Aldundiak, Udalekin elkarlanean”, jakinarazi du Larraitz Ugartek.

Ekarpenak, hiru modutara
Parte hartzeko moduei dagokienez, hiru izango dira:
  1. Bilera irekiak egingo dira ia herri guztietan eta kasu batzuetan bi ere egingo dira. Horrez gain, sektore jakinei zuzendutako bilerak ere izango dira. Lehenengo bilera irekia urriaren 9an izango da Usurbilen eta ondoren, gainerako herrietan. Webgunean egongo da bilera guztien egutegia.
  2. Bestetik, autobus egunak egingo dira, herritarrekin interakzio zuzena izateko, Aldundia autobusetara igoko da, herritarren iritzia jasotzeko. 
  3. Hirugarren aukera on-line izango da. www.garraioahobetzen.net webgunearen bidez. Galdetegi bat eskegi dute. Hori bete, eta Internetez bidali edota udaletxeetan jarriko dituzten postontzietan utzi ahal izango dira. Parte-hartzea bultzatzeko eta saritzeko, galdetegia betetzen dutenen artean Mugi/Lurraldebus txartelak kargatzeko hogei euroko bonoak zozketatuko dituzte.