Zierbenaren aurka azken aldian jokatu dituzten partiden antzerakoa izan zela atzokoa adierazi dute Concepto Egileko arduradunek: lehiatua eta emozioz betea. Elgoibartarrek bazekiten Zierbenan garaipena lortzea zaila izango zela, harmailetako giroa aurka izango zutelako, besteak beste. Eta halaxe izan zen, Zierbenako kiroldegiko harmailak beteta zeudela jokatu zuten elkarren aurka, elkar oso ondo ezagutzen duten bi taldeek.
Lehen zatian Concepto Egile izan zen nagusi eta 14. minutuan ailegatu zen bisitarien aurreneko gola. Azkoitik sartu zuen. Gol gehiago sartzeko aukerak eskura izan zituen Conceptok, baina ezin izan zuten Zierbenako atezaina, Jose Mari, gainditu. Etxekoek ere eduki zituzten partida berdintzeko gol aukera argiak, baina Iraitz atezainak zapuztu zituen guztiak.
Bigarren zatian txakalaldia izan zuten gipuzkoarrek eta partidaren agintea hartu zuten bizkaitarrek. Bata bestearen atzetik iritsi ziren Zierbenaren gol aukerak, baina Iraitzek, partidako jokalaririk nabarmenenak, denak geratu zituen. Denak, partida amaitzeko bi minutu falta zirenean Zierbenako Josebak egin zuen jaurtiketa izan ezik. Hala, banako berdinketarekin amaitu zen arauzko denbora.
Bost minutuko bi zati jokatu zituzten luzapenean. Conceptok markagailuan berriz aurrea hartzea lortu zuen, luzapeneko bigarren minutuan Finok sartutako golari esker. Golpe latza izan zen etxekoentzat eta erabakigarria izan zitekeela zirudien. Usteak erdi ustel, luzapeneko lehen zatia amaitzeko 17 segundoren faltan berdindu zuten-eta partida etxekoek.
Luzapeneko bigarren zatian bi taldeek izan zituzten gola sartzeko aukerak. Alabaina, kanporaketako irabazlea penaltietan erabaki berharko zutela zirudienean iritsi zen etxekoek sartu zuten garaipenaren gola. Partida amaitzeko segundo bat eta 20 ehuneko falta zirela Azkoitiren falta egon zela esan zuen epaileak. Conceptokoen seigarren falta zenez, penalti bikoitza. Iraitz atezaina eta Zierbenako Rober aurrez aurre. Iraitzek geratu egin zuen falta jaurtiketa, baina mugitu egin zela-eta jaurtiketa errepikatzeko agindu zuten epaileek. Gainera, txartel horia erakutsi zioten Conceptoko atezainari. Bigarrena zuenez, kalera joan behar izan zuen eta ordezko atezaina, Ekaitz, sartu zen kantxara. Presio handiko unea izan arren jaurtiketa geratzea lortu zuen atezain elgoibartarrak, baina jaberik gabe area barruan geratu zen baloia sare barrura sartzen asmatu zuen Roberrek, etxekoei garaipena emanez.