Bateragune auzian epaituta kartzelan dauden bost kideen askatasuna eskatzeko manifestazioa, Espainiako Poliziak Donostian atxilotu zituenetik lau urte bete ziren egun berean, urriaren 12an, egin zuten. Kalegoen plazan hasi eta kalegoen plazan bukatu zen manifestazioan ehunka lagunek hartu zuten parte. Manifestazio buruan Arnaldo askatu, politika askatu plataformako kideak joan ziren, Lau urte bahituta, Arnaldo, Rafa, Sonia, Miren eta Arkaitz. Bostak askatu! zioen pankartari eusten.
Bukaeran, Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak hartu zuen hitza. Bateragune auziaren bidegabekeria salatu zuen Barrenak, eta esan zuen Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta "mendekuz" dituztela kartzelan.
•Kataluniako erabakitzeko eskubidearen inguruko batzordean parte hartzeari uko
Arnaldo Otegiren inguruko beste berri bat ere izan da azken aldian. Izan ere, Kataluniako erabakitzeko eskubidearen inguruko batzordean parte hartzeko Catalunyako Parlamentak egindako gonbidapenari uko egitea erabaki du Otegik, www.arnaldotegi.com webgunean jakinarazi dutenaren arabera.
Otegik bere erabakia azaltzeko gutunean dio Katalunian abiatu den prozesuaren kontrakoek prozesua oztopatzeko erabiliko luketela bere parte hartzea, Euskal Herriko egoerarekin nahasteko, zatiketa eragiteko eta eztabaidan atentzioa desbideratzeko.
•ARGAZKIAK: