Aubixaren 40 urteko ibilbidean lagun izan dituztenei eskerrak emateko ekitaldia, zapatuan

elgoibarren.net 2013ko urr. 15a, 14:33

40 urteko ibilbidea egin ondoren, Elgoibarko Izarrak eta Aubixa baserrikoek urte hauetan guztiotan lagun izan dituztenei eskerrak emateko eta oroitzapenei hautsak kentzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 19rako. Hori bai, ekitaldian parte hartzeko, izena eman behar da aurrez, antolakuntza lanak erraztu aldera. Horretarako, urriaren 16a, eguaztena, da azken eguna.

 Aurten bete dira 40 urte Elgoibarko Izarrak eta Aubixa baserriko jabeek, hitzarmen baten bidez, Aubixa baserria Pedro Migel Urruzuno Ikastolako haurren zerbitzura ipini zutela. Behea jotzear zegoen etxean obrak egin, eta, poliki-poliki, Elgoibarko neska-mutilentzako euskal udalekua prestatu zuten Aubixan.
 Orain, urte hauetan guztiotan lagun izan dituztenei eskerrak emateko eta oroitzapenei hautsak kentzeko ekitaldia antolatu dute. Datorren zapatuan, urriaren 19an, izango da Aubixan bertan. 18:00etan, ongi-etorria egingo diete Aubixan ekitaldira batuko diren guztiei, eta 19:00etan hasiko da eskerrak emateko ekitaldia. Ondoren, 20:30ak aldera, afari merienda egingo dute. Gauean, 22:00etatik aurrera, erromeria izango da.

Idotorbe auzoan dago Aubixa baserria.

Makina bat elgoibartar pasa dira Aubixatik azken 40 urteotan.

 Aubixa sortzeko ideia izan zutenak eta etxea berritzeko lanetan jardun zuten gurasoak, 40 urteotan umeekin lanean jardun duten begiraleak eta hezitzaileak, eta azken urteotan Aubixatik pasa diren neska-mutilak gonbidatu dituzte ekitaldira.
Eguaztena (urriak 16) da izena emateko azken eguna.