Errotonda egingo dute Txankakoako bidegurutzean

elgoibarren.net 2013ko urr. 16a, 16:44

Gipuzkoako Aldundiak defizita EAEko erakundeen artean banatzeko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari, eta Gipuzkoaren eskaerak aintzat hartu ditu Jaurlaritzak. Ondorioz, Diputazioak 18 milioi euro gehiago zorpetzeko aukera du orain. Diru kopuru horretatik aterako da Elgoibarren, Txankakoako bidegurutzean, errotonda eraikitzeko dirua: 75.000 euro.


 Rikardo Garate Elgoibarko Udaleko Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, trafiko handia pilatzen den uneetan, ordu puntetan-eta, arazo asko sortzen dira Txankakoako bide gurutzean. “Horregatik jarri behar izaten ditugu bi udaltzain, trafikoa antolatzeko”, azaldu du. Arazo horiek errotonda berri bat eraikiz konpon daitezkeela uste dute udaleko arduradunek eta, honenbestez, errotonda bat eraikitzeko eskaera egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Maalako errotonda berritzeko eskaera ere egina daukagu, baina kasu horretan ikerketa bat egin gura zutela erantzun ziguten diputaziotik, zatikatutako errotonda ohiko errotonda bihurtzeko dauden aukerak aztertzeko, besteak beste”. Emaitzen horien zain dauden bitartean iritsi zaiela Txankakoako errotonda egiteko baiezkoa, jakinarazi du Garatek. Finantzatzeko moduarekin eman ostean, alegia.

1706637278200 Errotonda egingo dute Txankakoako bidegurutzean

Gaur egun badago biribilgune txiki bat Txankakoako zubiaren parean dagoen bidegurutzean. Errotonda berria, baina, handiagoa izango da eta 634 errepidean izango ditu sarrera eta irteera nagusiak. (ondoko mapan ikus dezakezue Txankakoako errotonda berriak hartuko duen lekua eta izango duen itxura)

Defizit marjin berrien banaketa

 Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 18 milioi euro gehiago zorpetzeko aukera du orain. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen esanetan, "gure proposamena da defizit hau ahalik eta herri gehienetara banatzea, Gipuzkoa osora banatzea defizit gehigarri hau. Ahalik eta herri gehienetan saiatuko gara inbertsioak egiten. Gure eskuduntzakoak diren inbertsio ezberdinak egin nahi ditugu". Diru horrek balioko du, besteak beste, hainbat kirol eta kultura ekipamendu hobetzeko. Obra hidraulikoak, eta ingurumen jarduketetan eta errepideetan inbertituko da”. Azken horretan sartzen dira Elgoibarren errotonda egitera bideratuko dituzten 75.000 euroak.