Imanol Garaizabalek irabazi du Antoñanako orientazio raid proba

elgoibarren.net 2013ko urr. 23a, 17:52

 
Arabako Mendietan jokatu zuten joan zen zapatuan Luki-extreme orientazio raid proba, eta Imanol Garaizabal elgoibartarrak irabazi zuen, Aaron Garmendiarekin batera. Era berean, Jabi Guallar eta Iñigo Araujo elgoibartarrek osatutako bikotea bigarren postuan sailkatu zen. (ondoko argazkian, hiru elgoibartarrak podiumean)


 Antoñanan izan zen Luki-extreme orientazio raid proba, Izkiko parke naturalean. 50 bikotek hartu zuten parte guztira, Euskal Herrikoak gehienak, baina Errioxako batzuk ere baziren tartean. Trekking, barranko jaitsierak eta mendi-bizikleta probak gainditu behar izan zituzten bikoteek. Orientazioa izaten da garrantzitsua proba hauetan, eta mapan zehaztutako balizak aurkitzea da helburua.

 Proba amaitzeko zazpi orduko denbora izaten dute bikoteek. Imanolek eta Aaronek 5:21 denboran bildu zituzten baliza guztiak, eta 67 punturekin, proba irabazi zuten. “Gure garaipenaren arrakasta lasterketa bakarrik egin genuela izan zen. kontzentratuta, gu bakarrik orientatzen, lasai eta oso zehatz egin genuen. Aaronek sekulako erakustaldia eman zuen orientatzen, eta fisikoki ere oso bizi joan ginenez, alde handiaz helmugaratu ginen”, esan du Garaizabalek.
Guallar eta Araujo bigarren postuan
 Partaideen artean bazen beste bikote elgoibartar bat: Jabi Guallar eta Iñigo Araujo. Hauek ere baliza guztiak batu zituzten, baina denbora gehiago behar izan zuten proba amaitzeko: 6:50 hain zuzen ere. Bigarren egin zuten, eta “oso pozik” zeuden eginiko lanarekin.