Karmelo Urdangarin ekonomialariak jaso du ekintzailetasunaren Gure Balioak saria

elgoibarren.net 2013ko urr. 23a, 18:17

 
Jesus Bilbao iazko saridunaren eskutik jaso du Gure Balioak saria Karmelo Urdangarin Altuna (Deba, 1932) ekonomialariak. Urdangarinen lankidetzarako gaitasuna nabarmendu dute gaur arratsaldean Agirre Jauregiko Ispiluen Gelan, Deban, egin duten sari banaketa ekitaldian.

 
 Gizarte balioen arloan nabarmendu den pertsona edo entitatearen lana aitortu eta saritzen dute Debegesak (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak) antolatzen dituen Gure Balioak sarietan.

1706637253358 Karmelo Urdangarin ekonomialariak jaso du ekintzailetasunaren Gure Balioak saria

1706637253449 Karmelo Urdangarin ekonomialariak jaso du ekintzailetasunaren Gure Balioak saria

  Aurtengo sariduna, Karmelo Urdangarin, Deban jaio zen, eta gaztetatik izan zuen Debabarreneko kulturarekin eta gizarte mugimenduarekin harreman estua. Peritu eta merkataritza-irakasletza ikasketak egin zituen, eta Orbea enpresan hasi zen lanean, kronometradore. 1971n, enpresa desagertzear zela, itxiera saihesteko egin zuen lan, eta berak egindakoa “erabakigarria” izan zen, gero Orbea kooperatiba izatera pasatzeko. Enpresa estrategia diseinatu zuen, eta gaur Orbea denaren oinarriak ezarri zituen. Orbeako zuzendari izendatu zuten gero, eta Caja Laboral Popularreko enpresa atalera pasatu zen arte eutsi zion kargu horri.

 1962an Acme-deva enpresa eratu zuen beste hainbatekin batera eta kooperatiba ereduari eutsi zion. 1969an, Danobat, Eguzki eta Acme-deba fusionatu ziren, Danobat Coop. eratuz. Urdangarin enpresa horretako batzar nagusiko kide izan zen, eta han egin zuen lan 1977an erretiroa hartu zuen arte.

  Erretiroa hartu zuen, baina aktibo, oso aktibo, jarraitzen du Urdangarinek. euskal Herriko unibertsitateak antolatutako hainbat graduondoko ikastarotan parte hartu du, bereziki nazioarteko kudeaketari buruzko ikastaroetan. Komunikabideetan ere sarri parte hartzen du, eta kolaborazio asko idatzi izan ditu hango eta hemengo aldizkarietan. Makina bat liburu ere idatzi ditu. 2008an, esaterako, Estarta y Ecenarro “Sigma” izenburuko liburua argitaratu zuen. Elgoibarko fabrika ezagunetarikoa izan zen Sigmaren 80 urteko (1914-1995) historia jaso zuen Urdangarinek liburuan.
 Enpresa munduan egindakoaz gain, aipatzekoa da Urdangarinek kultur arloan egindako ekarpena ere. Deban, Ostolaza fondoko kide izan da, eta Gipuzkoako eskolak euskalduntzeko lan egin zuen. Era berean, Aranzadi zientzia elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide ere bada.