“Lanarekin amaituko dudan ere zalantzak dizkiat, oso-oso luze joko baitu” esan du Bihurrik ...eta kitto! aldizkariari eginiko adierazpenetan. Esku bakarrarekin munduko marka ontzeko egingo duen bosgarren ahalegina izango da honakoa Bihurrirentzat. Azken marka 2012ko martxoan ezarri zuen Munitibarren. Hiru metro eta hamar zentimetroko gerri bueltako pago enborra esku bakarrarekin ebaki zuen. 3.850 aizkorakada eta ia bi orduko lanaren ostean lortu zuen enborra bitan zatitzea. Bihurrik indartsu ikusten du bere burua, “bai udan eta bai ondoren egindako erakustaldietan sasoiko aurkitu bainaiz”. Azaroaren 2koa, dena dela, berezia da oso, erresistentzia asko eskatzen duena eta, horretarako ere, probatu behar: “Bizpahiru saio egin ditiak girotzen joateko”.
•Gaixotasun arraroak dituzten umeen alde
Bilbon egingo duen errekor ahalegina 10:00etan hasiko da, eta ekitaldi horretan jasotako dirua gaixotasun arraroak dituzten umeen alde izango da, “euren alde antolatutako jaialdi erraldoiaren barruan” izango baita Bihurriren aizkora saioa.