Uxue Alberdi elkarrizketatu du Hasier Etxeberriak Sautrela literatur saioan

elgoibarren.net 2013ko urr. 30a, 11:14

Elgoibartarrek protagonismo handia eduki dute Sautrela literatur saioaren azken atalean. Batetik, Hasier Etxeberria programako aurkezle eta zuzendariak Uxue Alberdi elkarrizketatu du, orain gutxi argitaratu duen Euli-giro ipuin liburuaren harira. Eta, bestetik, Elearazi blogeko sortzaile Danele Sarriugartek gaur egungo literaturzale gazteen inguruan egin duten erreportajean parte hartu du. (bideoa dauka)


1706637248947 Uxue Alberdi elkarrizketatu du Hasier Etxeberriak Sautrela literatur saioan

Uxue Alberdi elkarrizketatu du Hasier Etxeberriak Sautrela telebista saioaren 355. atalean. Euli-giro ipuin liburuari buruz berba egin dute bi elgoibartarrek. Alberdiren bigarren ipuin liburua da honakoa, estreinakoa Aulki bat elurretan izan baitzen. Era berean, nobela bat ere badu argitaratua, Aulki jokoa. Goiko bideoan ikus dezakezue Etxeberriak Alberdiri eginiko elkarrizketa. Saioa osorik ikusteko aukera ere badago, Nahieran atalean.

Literaturzale gazteei buruzko erreportajea
 Zertan dabiltza gaur egungo literaturzale gazteak?, ba al dator literaturara emana bizi den gazterik?, emariak ba al du segidarik? Galdera horiei eta beste zenbaiti erantzuna ematen saiatu dira Sautrelan aste honetako atalean. Horretarako literaturgintzan dabiltzan gazteenekin batu dira, tartean Danele Sarriugarte elgoibartarra. Elearazi, euskarazko itzulpengintzarako blogaren sortzaileetariko bat izateaz gainera, 2012an Igartza saria irabazi zuen Sarriugartek. Hau ere Nahieran atalean ikus dezakezue -saioaren hasieran dago erreportajea.