Ia urte eta erdiko zigorra ezarri diote gazte bati, Elgoibarren andre bati sexu erasoa egiteagatik

elgoibarren.net 2013ko urr. 30a, 14:35

 
Gazte bati urtebete eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, emakume bati sexu ukituak egiteagatik Elgoibarren, urtarrilaren 6an. Epaiketan, emakumeak deklaratutakoa egia zela aitortu zuen auzipetuak, eta, era berean, onartu egin zuen fiskalak eskatutako zigorra.



 Sententzian jasota datorrenez, emakumea etxera bidean zihoala egin zion erasoa gizonezkoak, 2013ko urtarrilaren 6an, goizaldera. Norbait atzetik segika zuela ohartu zen emakumea eta, izututa, korrika ihes egin zuen etxekoen babes bila. Erasotzaileak, baina, etxeko atarira ailegatu zenean harrapatu zuen emakumea, eta sexu harremanak izatera behartu zuen. Emakumearen ezezkoari muzin egin eta emakumea bortxatzen ahalegindu zen gizon gaztea. Aldaketatik heldu eta sexu ukituak egin zizkion. Egoera horretan zegoela, bere etxeko txirrina jo eta familiari laguntza eskatzeko aukera izan zuen emakumeak. Erasoa jasan zuen emakumearen gurasoak ezkaratzera jaitsi zirenean ihesari eman zion erasotzaileak.
 Udaltzainek 05:30ak aldera aurkitu zuten susmagarriaren deskribapenarekin bat zetorren gizonezko bat, tren geltokiaren inguruan. Ondoren Eibarko ertzain etxeko agenteak azaldu ziren eta atxilotuta eraman zuten 19 urteko gaztea.

1.000 euroko kalte-ordaina

  Emakumeak epailearen aurrean eginiko adierazpenak egia zirela onartu zuen auzipetuak eta, onartu egin zuen fiskaltzak eskatutako zigorra: urtebete eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, sexu eraso delitu bategatik, eta, era berean, 1.000 euroko kalte-ordaina biktimari eragindako kalte moralengatik.
*Iturria: Diario Vasco