Espainiako iraileko KPI indizeak "hazkunde apala" izan duela-eta, -% 0,3ko igoera-, aurten igoerarik ez aplikatzea proposatu du Udal Gobernuak osoko bilkuran, hau da, 2013ko zerga eta tasen tarifak daudenetan mantentzea 2014rako. Udalbatzaren osoko bilkurak onartu egin zuen tasak eta zergak izozteko proposamena. EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek alde bozkatu zuten eta aurkako botoa eman zuen EHBilduk.
Ordenantza fiskal gehienak izoztea erabaki zuten arren, tasa batzuetan salbuespenak egingo dira:
- Ondasun higiezinen gaineko zergan, lurzoru industrialean kokatuta dauden ondasunengan aplikatzen den tipoak %8ko igoera izango du. "Pixkanaka, Elgoibarren tamainako beste udal batzuek dituzten tasekin parekatzea da gure asmoa, eta, asmo horretan, 20011tik hona zenbait zerga eguneratzen dihardugu", adierazi zuen Bittori Zabalak.
- Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, ibilgailu historikoen edo gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten ibilgailuen hobaria guztiz ezabatu da.
- Zaborren tasa %0,8 igoko da. Debabarrenako Mankomunitateak Elgoibarko Udalari fakturatuko dion kostearen hazkunde berbera da. Adibide moduan, bost langiletik beherako indundustria jarduera batek sei euro gehiago ordaindu beharko ditu urteko, 746 euro beharrean 752 euro, alegia. Era berean, hondakin organikoak birziklatzeko izena eman duten herritarrei ez zaie zaborraren gaineko zerga igoko, bigarren urtez jarraian. Ondorioz, bosgarren edukiontziaren sisteman atxikitu direnen eta ez direnen arteko diferentzia 12 eurokoa izango da urteko erreziboan {iaz 5 eurokoa izan zen}.
- Kirol tasak igo egingo dira: abonuek %5eko hazkundea izango dute eta %2,9koa ekintza edo zerbitzuek. "Udal Kirol Patronatuak hala erabaki du bere aurrekontuak orekatzeko beharrezkoa ikusi duelako", argudiatu zuen Zabalak.
•EHBilduk aurkeztutako emendakinei ezezkoa
2014ko tasen eta zergen inguruan dituzten hainbat proposamen aurkeztu zituen plenoan EHbilduk. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak, baina, atzera bota zituen guztiak.
- elgoibar.ehbildu.net webgunean ikus ditzakezue EHbilduren proposamen guztiak.
∞Lotura duten albisteak:
- Tasak %3,4 igotzea onartu ostean, alkateak bertan behera laga du udalbatzarra Twitter erabiltzeagatik (2012-10-24)
- Udal zergak %2,1 igoko dituzte 2011n (2010-11-05)
- Zerga gehienak izoztuko ditu Udalak (2009-10-30)
- Datorren urterako zergak %5,5 igotzea onartu du osoko bilkurak (2008-10-31)
- Udal zergak eta tasak ordaintzeko bi modu berri Internet bidez (2008-07-02)