Napoka Iria taldeak Tumatxak saiorako egindako bertsioen bideoak sarean ikusgai

elgoibarren.net 2013ko aza. 4a, 18:49

 
Joan den astean amaitu zen Zuhaitz Gurrutxagak ETB1ean aurkeztu duen Tumatxak saioa. Zortzi atal eduki ditu saioak eta horietako bakoitzerako kanta baten moldaketa bat prestatu du Napoka Iria taldeak. Sarean jarri dituzte moldatutako zortzi abestiak. Era berean, Zuhaitz Gurrutxagak saioa egiterakoan izan dituen bizipenak ezagutarazi ditu sare sozialetan.



 Behin eta berriro gogora etortzen zaizkigun euskal kantei buruzko musika saioa izan da Tumatxak. Airean egon den zortzi saioetan atal finko bat eduki du, aztertzen zituzten musikarien abesti ezagunen moldaketak eskaintzea, alegia. Joseba Irazoki eta Napoka Iria arduratu dira euskal abesti ezagunon moldaketak egiteaz. Honako hauek izan dira Ander Mujikak eta Miren Narbaizak -Napoka Iria- moldatu dituzten zortzi abestiak:
Zuhaitz Gurrutxaga esker oneko
 Zuhaitz Gurrutxagak Tumatxak proiektuari agur esan dio Tumatxak the end izenburupean Facebook sare sozialean duen profilean idatzitako artikuluarekin. Azken hiru hilabeteetan lankideen alboan bizitakoak izan ditu hizpide aurkezle elgoibartarrak. Telebistan halako "saio polit eta esker onekorik" egiteko aukerarik izango ote duen galdetzen dio bere buruari idatzian, eta iltzaturik geratu zaizkion pasadizoen errepasoa egin du jarraian. Bernardo Atxaga idazlea elkarrizketatzera joan zeneko "urduritasuna eta segurtasun gabezia", esaterako, edo gaztetako idoloak, Su Ta Gar taldeko kideak, elkarrizketatzera joan zeneko uneak ekarri ditu gogora. Mikel Urdangarini eginiko elkarrizketa ere berezia izan zela dio, lagun izateaz aparte hura ere idolo izan zuelako helduxeagoa zenean.

"Hertzainak taldeko Josu eta Gari, Ruper Ordorika, Errobiko Anje eta Michel eta beste hainbat izar ezagutzeko aukera izan dugu. Denek tratatu gaituzte primeran, errespetuz, adiskidetasunez. Eskerrak baizik ezin eman guztiei, benetan", idatzi du.  Alabaina, elkarrizketatu dituzten lagun guztien artean Niko Etxart abeslariaren izena nabarmendu du Gurrutxagak. "Niri eta lantalde osoari bihotza lapurtu digu Niko Etxart handiak. Altzürüküko bere etxera iritsi ginen. Han genuen zai Niko Etxart baserri atarian, melena txuria airean eta zigarroa ahoan. Pozik, irrifartsu hartu gintuen berean".

 Lankideentzat ere berba onak eduki ditu saioko aurkezleak eta, futbolari ohia izanik, futboleko adibide batekin irudikatu nahi izan du haiekin izan duen hartu-emana: "Futbola gustoko duen nork ez du inoiz esaldi hau esan: 'Gaur egungo Bartzelona futbol taldean jokatuko banu, neronek ere sartuko nuke golen bat'. Ba halakoxea dela iruditzen zait Tumatxak saioko lantaldea. Baloia gozo jokatzen dakite, kalitatea dute, talentua. Nahikoa da beraz, beraien artean egonez gero trabarik ez egitea golen bat sartzeko. Ez naiz ni aurkezle esperimentatu bat, ez horixe,eta beraiek lana guztiz erraztu didate".
Angel Alkain Zuhaitz Gurrutxagaren larruan
  Zuhaitz Gurrutxagak Tumatxak saioan eginiko lanak oihartzuna izan du, eta imitatzaileak ere atera zaizkio. Adibidetzat, ikusi Kontrako Eztarria saiokoek On Manuel Ortiz de Zarate y Jaurrietari, 'El que no baile Policía Nacional' kantaren sortzaileari, eginiko elkarrizketa umoretsua.
'Kontrako eztarria' saioko platoan hartu zuten, hain justu ere, Gurrutxaga Tumatxak saioaren promozioa egiteko, eta bere ibilbidearen errepasoa egin zuten.