Barixakurako eman behar da izena Behobia-Donostia lasterketarako autobusean

elgoibarren.net 2013ko aza. 5a, 14:47

Datorren domekan, azaroaren 10ean, jokatuko da aurtengo Behobia-Donostia lasterketa, eta Fortuna Kirol Elkarteak emandako datuen arabera, 86 elgoibartarrek eta 27 mendaroarrek eman dute izena (iaz, Elgoibarko 79 lagunek eta Mendaroko 21ek amaitu zuten maratoi-erdia). Hara joateko autobusa antolatu du Mintxeta Atletismo taldeak eta irteera ordua 8:00etara aureratu dutela ohartarazi dute.


 Behobia-Donostia lasterketan parte hartu nahi duten elgoibartar eta mendaroarrek, eta, estreinakoz, horien lagun eta senideek, autobusean joateko aukera izango dute Mintxeta Atletismo Taldeak, Udal Kirol Patronatuaren laguntzaz antolatu duten autobusean. Patronatuko bazkideek hamar euro ordaindu behar dituzte, eta gainerakoek 12 euro. Azaroaren 9rako eman behar da izena mintxeta@mintxeta.com helbidean. Eguerdiko 12:00etan itxiko dute izena emateko epea.
Autobusa 8:00etan
 Domeka goizean irtengo den autobusaren irteera ordua aurreratu behar izan dutela ohartarazi dute Mintxetakoek. “Behobia-Donostiako antolatzaileek motxilak lagatzeko ordua aurreratu dutenez, autobusaren irteera ordua 8:00etara aurreratu dugu”, azaldu dute.