Emaitza onak lortu dituzte Mintxetako atletek kros denboraldiko estreinako lasterketan

elgoibarren.net 2013ko aza. 5a, 16:49

Isidoro Unzuetaren oroimenezko eskolarteko kros txapelketa jokatu zen domekan, Zarautzen, kros denboraldiko estreinako proba. Mintxeta Atletismo taldeko kideek sasoiko hasi dute denboraldia eta emaitza onak lortu zituzten. Besteak beste, infantil mailako mutilen taldeak lortu zuen garaipena eta Alaitz Urtubia infantilak eskuratu zuen hirugarren postua nabarmendu behar dira.


 Gipuzkoa osoko antxitxikariak batu ziren domekan Zarautzko Abendaño industrialdeko zelaigunean, Isidoro Unzuetaren oroimenezko eskolarteko kros txapelketan korrika egiteko asmoz. Alebin, benjamin eta infantil mailako neska-mutilak lehiatu ziren Zarautz Kirol Elkarteko atletismo taldeak antolatutako lasterketan.

Alaitz Urtubia, eskuinean, infantil nesken podiumean.

Gure ordezkariei dagokionez, infantil mailan nabarmendu ziren Mintxeta Atletismo taldeko kideak. Hala, infantil mutilen mailan, Martin Hernandezek lortu zuen garaipena. Deban bizi baina Mintxeta taldean diharduen antxitxikariak sei minutu eta 46 segundoan osatu zuen 1.940 metroko ibilbidea. Eta, Hernandezen taldekideek lortutako emaitzei esker {Ander Armendia (9. postua), Markel Zabala (10. postua), Julen Etxeberria (11. postua) eta Aner Gallastegi (19. postua)}, taldekako lehen postua eskuratu zuen Mintxetak, Jakintza A.T. eta Aloña-Mendi K.E. aurretik.
 

 Infantil nesketan ere nabarmendu ziren elgoibartarrak, Alaitz Urtubiak hirugarren postua lortu zuen-eta proba horretan. Alebinetan, berriz, 13. postuan sailkatu zen Enaitz Goikoetxea mutilen lasterketan, eta, bosgarren eta 24. postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren, Maialen Armendiak eta Maialen Izagirrek, neskenean. 
 *Argazki gehiago: urolakosta.hitza.info