Lau egunetako epean bi alditan lapurtu dute Herri Eskolan

elgoibarren.net 2013ko aza. 6a, 15:39

 
Behin gutxi ez eta birritan sartu dira lapurrak Herri Eskolak Urazandiko plazan duen eraikinean, denbora tarte oso laburrean. Joan den barixaku goizaldean sartu ziren estreinakoz, atea indarrez ireki ostean. Astelehenean atea konpondu zuten arren, ez ez zen oztopo izan lapurrentzat, bigarrengoz sartu ziren-eta martitzen goizaldean.


 Hiru ordenagailu eta bi argazki kamera ostu dizkietela jakinarazi dute Herri Eskolako arduradunek, nahiz eta “inbentarioa” amaitu artean ez duten jakingo zerbait gehiago falta zaien.

Herri Eskolaren eraikina, Urazandin.

Bi eraikin ditu Elgoibarko Herri Eskolak. Nagusia Kalamua kalearen amaieran dago eta Urazandiko plazan dago bigarrena, haur eskola gisa erabiltzen dutena. Eraikin horretan izan dira, hain justu ere, bi lapurretak. Bi sarrera ditu eraikinak eta horietako batetik sartu ziren lapurrak joan den azaroaren 1ean, Domu Santu Egunean, goizaldean. Eguna argitu zuenean zerbait arraroa sumatu zuen bizilagun batek eman zien abixua udaltzainei. Hara joan zirenean aluminiozko atea indarrez irekita zegoela egiaztatu zuten udaltzainek. Hondatutako atea astelehenean konpondu bazuten ere, ez zen lapurren bigarren ahalegina geldiarazteko nahikoa izan. Dirudienez, ate beretik sartu ziren martitzen goizaldean. Neurri zorrotzagoak hartu beharko dituztela adierazi dute etsita Herri Eskolako arduradunek.

Honakoa ez da Elgoibarko ikastetxe batean osten duten lehen aldia, joan den martxoan, esaterako, Elgoibarko Haurreskolan egin zuten lapurreta.
 
Lotura duten albisteak: