Orain ehun urtetik gora sortu zen Bilboko Zabalguneko Abesbatza (Sociedad Masa Coral del Ensanche de Bilbao) taldea, eta bere lehenengo pausoak Albiako zabalguneko baserri batean eman zituen. Armonia del Ensanche izenarekin hasi ziren arren, izena aldatu zioten 1903. urtean eta baita errepertorioa luzatu ere. Gizonezkoek osatzen zuten taldea hasieran, hau da, ahots baxuek bakarrik. 1934an onartu zituzten aurrenekoz emakumeak taldean. Iraultza handia izan zen, taldekideen esanetan. Izan ere, musika koral klasikoa alde batera laga, eta zarzuelekin hasteko bidea eman zien horrek, handik urte gutxira.
Harrezkero, makina bat zarzuela antzeztu dituzte han eta hemen. Elgoibarrera ere behin baino gehiagotan etorri dira. 2006an bisitatu gintuzten estreinakoz, El Caserio zartzuelarekin. Ondoren, La tabernera del puerto, Los Gavilanes, Luisa Fernanda eta Antologia de la zarzuela lanekin itzuli dira. Barixaku honetan eskainiko duten Katiuska ere eskaini izan dute aurrez Elgoibarren. Talde honek Elgoibarrekin duen harremanetik ondoriozta daiteke elgoibartarren gustuko generoa dela zartzuela, behin baino gehiagotan bete baitute Herriko Antzokia aipaturiko ikuskizunak zuzenean jarraitzeko.
•Amodio istorioa 1918ko Ukranian
Katiuska zartzuela Errumaniako mugatik gertu dagoen Ukrainiako herrixka batean giroturik dago, 1918ko udaren amaiera aldera. Gerra zibila bizi du herrialdeak eta hainbat noble, Armada Gorriarengandik ihesi, herrialdeko mugetatik gertu dauden ostatuetan babestu eta ezkutatuko dira. Sergio printzeak ostatu horietako bateko ugazabaren zaintzapean lagako du Katiuska, Zar-aren ondorengoa den neska gaztea. Han ezagutuko du Katiskak Pedro Stakoff, Armada Gorriko komisarioa. Bi gazteen artean alde handia dagoen arren, maitemindu egingo dira. Bartzelonako Victoria antzokian estreinatu zuten zartzuela hau ezagun hau 1931ko urtarrilaren 27an.