73 elgoibartarrek eta 24 mendaroarrek amaitu dute Behobia jendetsuena

elgoibarren.net 2013ko aza. 11a, 12:30

23.637 lagun batu ziren atzo Behobian, Donostiara arteko ia 20 kilometroak antxitxika egiteko asmoarekin, tartean 73 elgoibartar eta 23 mendaroar. Gure ordezkarien artean Alberto Revuelta izan zen azkarrena. Azken bi urteetan moduan, lehen sailkatuekin lehian ibili zen, probaren bigarren zatian txakalaldia izan bazuen ere. Sailkapen nagusiko 27. postuan sailkatu zen, 1:08:14 denborarekin {iaz bosgarren postuan sailkatu zen, 1:03:30 denborarekin}


 Parte-hartze errekorra gainditu du, beste behin ere, aurtengo Behobia-Donostia lasterketa entzutetsuak. 28.200dik gora lagun zeuden izena emanda eta 23.637 korrikalari azaldu ziren Behobiako irteerara. Horietako gehienak ailegatu ziren helmugaraino, 25.590 lagun, hain justu ere. Irteera hartu eta helmugara iritsi ez ziren 47 lagun horien artean dago Zurriolako zubi parean hil egin zen 30 urteko emakume nafarra.

Mendaroar talde bat, irteera hartzeko prest.

Lehiari dagokionez, Pedro Nimo galiziarrak lortu zuen garaipena, parte hartzen zuen estreinako aldian. Nimok, lasterketa hasi eta taldea osatu zuen Marc Roig, Chema Martínez eta Alberto Revuelta elgoibartarrarekin. Iaz egin zuen markaren eta postuaren ostean {lehen gipuzkoarra izan zen}, Behobia-Donostiako podiumera igotzeko aukerak zituela adierazi zion Revueltak elgoibarren.net atariari. Asmo horretan irten zen atzo Donostian bizi den elgoibartarra, eta lehen kilometroetan eutsi zion Pedro Nimoren erritmoari. Gaintxurizketako aldapan, baina, Nimo-k metro batzuk hartu zituen eta Alberto Revuelta geratu egin zen. Elgoibartarrak lur jota bukatu zuen lasterketa 27. postuan.
 Igor Elizburu elgoibartarrak ere hartu zuen parte atzoko proban, ezinduen kategorian. Sailkapeneko 13. postuan sailkatu zen elgoibartarra, 01:03:23 denborarekin. Hortaz, ezin izan zuen ondu iaz lortu zuen bere markarik onena (01:01:14).

Lotura duten albisteak:

  *Sailkapen ofizialak: behobia-sansebastian.com
  *Herriko lau euskal presoen (Arnaldo Otegi, Sebas Etxaniz, Juan Mari Mendizabal eta Imanol Iparragirre) izenean egin dute antxintxika beste hainbeste herritarrek.