Lehen Nazional Mailako eskualdeko derbia etxean geratu zen

elgoibarren.net 2013ko aza. 12a, 10:50

 
27-25 irabazi zuen Alcorta Forging Group eskubaloi taldeak Somos Eibar taldearen aurkako derbia. Jokatutako partida guztiak irabazita, -zazpitik zazpi-, aurkeztu ziren eibartarrak Olaizaga kiroldegian, baina denboraldiko estreinako porrota jaso zuten Elgoibarren. Asteburu borobila izan da Sanloko taldeentzat, ia talde guztiek lortu dituzte-eta garaipenak.

 

 Maila handiko partida jokatu zuten Alcortak eta Somos Eibar taldeek joan den zapatuan Olaizaga kiroldegian. Lehen Nazional mailako C multzoko liderrak dira eibartarrak, eta, aldiz, 8. postuan daude elgoibartarrak. Kantxan, baina, ez zen igarri horrenbesteko alderik. Aitzitik, uneoro elgoibartarrek hartu zuten aurrea markagailuan, nahiz eta abantaila xumeak kudeatu behar izan zituzten. Bizpahiru goleko errentak lortzen zituzten arren, eibartarrek behin eta berriz lortzen zuten partida berdintzea. Hala, 13nako berdinketarekin ailegatu ziren atsedenaldira. Parekotasunak jarraipena eduki zuen bigarren zatian. Partida amaitzeko hamar minuturen faltan berdinketa erakusten zuen markagailuak (21-21) eta amaierarako minutu eta erdi falta zenean ere 25-25 zen emaitza. Asier Cordonek azken minutuan sartutako bi golek eman zion garaipena Alcortari. Hain zuzen ere, Asier Cordon eta Imanol Garziandia izan ziren Alcortako goleatzaile nagusiak, bakoitzak bost gol sartuta. Eibartarren aldetik, zazpi gol sartu zituen Ruben Cruz jokalariak.

 Garaipena lortu arren, Alcortak zortzigarren postuan jarraitzen du sailkapenean, lehen postuetan dauden taldeekiko zuen aldea murriztu badu ere. Laugarren postuan sailkatuta dagoen Zaragozako A.D. Stadium taldeak dituen puntu kopuru berbera (9 puntu) ditu orain. Eibartarrek lidergoan jarraitzen dute hamalau punturekin.

Asteburu borobila
 Sanloko taldeek emaitza oso onak lortu dituzte joan den asteburuan. Zazpi taldek garaipenak lortu dituzte, berdinketa lortu zuen Casa Astigarraga GYS Sport taldeak eta Gabaz Elgoibar izan da bere partida galdu zuen talde bakarra. Aurrekoez gainera, infantil nesken Gipuzkoako txapelketan bi talde elgoibartarrek elkarren aurka jokatu zuten, eta Grupo Cometel Elgoibarrek 19-14 irabazi zion Federopticos Ikus Elgoibarri. Hona hemen asteburuko emaitzak:
  • AlCORTA FORGING GROUP 27 – 25 omos Eibar Eskubaloia (Sen. Mutilak, Lehen Nazional maila)
  • Aiala Zarautz 23 - 24 LAUKO Elgoibar (Sen. Neskak, Zilarrezko Ohorezko maila)
  • BANKOA Elgoibar 30 - 24 Bergara KE  (Inf. Mutilak, Gipuzkoako Txapelketa)
  • DECA Elgoibar 32 - 29 Pulpo KE  (Inf. Mutilak, Gipuzkoako Txapelketa) 
  • Irungo Gaztiak 22 - 37 PNEUMAX Elgoibar (Kad. Mutilak, Gipuzkoako Txapelketa) 
  • TECNIFUELLE Elgoibar 23 – 8 Balonmano Bera Bera (Kad. Neskak, Euskal Liga) 
  • Tolosa Eskubaloia 11 - 26 HOTEL TXARRIDUNA Elgoibar (Kad. Mutilak, Gipuzkoako Txapelketa) 
  • CASA ASTIGARRAGA GYS SPORT Elgoibar 23 – 23 Balonmano Bera Bera (Jub neskak, Euskal Liga) 
  • Ordizia KE 32 - 27 GABAZ Elgoibar (Sen. Mutiilak, Lurraldeko Lehen Maila)  
  • GRUPO COMETEL Elgoibar 19 - 14 FEDEROPTICOS IKUS Elgoibar (Inf. Neskak, Gipuzkoako Txapelketa)