IMHn Lanbide Heziketa alternantzian ikasi duten ikasleen lehen promozioa lanerako prest dago

elgoibarren.net 2013ko aza. 13a, 15:25

Heziketa Zikloetako HEZIBI programako estreinako promozioko ikasleek azaroaren 4an amaitu zuten IMHn eta enpresetan jaso duten prestakuntza, eta gaur egin dute diploma banaketa ekitaldia. Ikastetxeko arduradunek azaldu dutenez, alternantziako prestakuntza-eredu honek ikastetxeetako eta lantokietako prestakuntza uztartzeko aukera ematen du, konpetentzia teknikoak, zeharkakoak edo sozialak hobe integratuta.



 Diplomak jaso aurretik Hezibi egitasmoan parte hartu duten enpresetako tutoreekin bildu dira lehen promozioa osatu duten 18 ikasleak. Tutoreek prestakuntza programa “berri eta berritzaile” honi egokitzeko egin duten ahalegina aitortu eta eskertu diete ikasleek enpresetako tutoreei. Horrez gainera, IMHko arduradunek jakinarazi dutenez, HEZIBI programaren indarguneak zein izan diren jaso dituzte bileran, eta baita hurrengo promozioetan beharrezkoak izango diren hobekuntzen balantzea egin ere.

Fabrikazioaren Programazioa zikloa ikasi duten ikasleak diploma jasotzen.

IMHk 2012-2013an ezarri zuen alternantzia bidezko ikasi eta lan prestakuntza goi mailako heziketa zikloetan (HEZIBI), hamazortzi ikaslerekin eta horiek kontratatu zituzten 11 enpresekin elkarlanean. Honako goi mailako zikloak ikasi dituzte ikasleok: Industri Ekipoen Mantenimendua, Produkzioaren Programazioa, Fabrikazio Mekanikoaren Diseinua eta Mekatronika. Parte hartu duten enpresak, berriz, honakoak izan dira: Alberdimek S.L., Agme S.A, AVS S.L, Biele S.A., Danobat S,. Coop., Dikar S. Coop., DMP S.I., Novak S.L., Santos y Patxi S.L., Soraluce Coop. eta Zehatz S.L.

Hezibi programako ikaslea enpresako tutorearekin lanean. Arg: IMH.

Alternantziako prestakuntza-eredu honek ikaskuntza-prozesuaren zati batzuk enpresetara bideratzen ditu, eta, hala, enpresak ikasleen ikaskuntza-prozesuaren funtsezko eragile bihurtu ditu. Eredu honek ikastetxeetako eta lantokietako prestakuntza uztartzeko aukera ematen du, konpetentzia teknikoak, zeharkakoak edo sozialak hobe integratuta. Aldi berean, prestakuntza eta lan-aukerak eskaintzen dizkie gazteei, eta produkzio-sistemetako langileen beharrak estaltzeko beharrezko kualifikazioa izango duten langileak bermatzen dizkie enpresei, epe laburrean eta luzean.