Gaztezulok eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ika Mizka. Eta hik? Nola bizi dunk euskara? egitasmoaren bigarren edizioa abiatuko dute gaur, Ordizian. Gazteak euskararen erabileraren garrantziaz sentsibilizatzea eta jarrera aktiboagoak bultzatzea bilatzen du 2013ko Ika Mizka Zirkuitu honek, eta bigarren saioa izango da honakoa.
Nerea Alias ariko da aurkezle eta dinamizatzaile lanetan, eta goizean zehar bi txanda egingo dituzte: 10:00etan lehena eta 11:30ean bigarrena.
Gazteekin mahai inguruan eseri eta beren hausnarketak konpartitzera hurbilduko diren aurpegi ezagunen artean ditugu Amets Txurruka txirrindularia, Jurdan Ezenarro 101 Gaztelu saioko lehiakide mendaroarra, Jon Andueza idazle eta aktorea, Iker Lauroba Lauroba taldeko abeslaria, Eneko Sagardoy eta Ylenia Baglietto Goenkaleko aktoreak, Jon Esnaola eta Javi Rodil Ze Esatek! taldeko kideak, Ane Urkiola gidoilari eta kultur eragilea, Jasone Osoro idazle elgoibartarra eta Alex Txikon mendizalea.