Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorriko diren sei dantza talde gonbidatu ditu Haritzek, 40. urteurrenaren harira, azaroaren 23rako antolatu duten dantza jaialdira. “Haritzen 40 urte hauetan gurekin harreman gehien izan duten dantza taldeak gonbidatu ditugu”, azaldu dute dantza taldeko arduradunek. “Hasteko etxetik gertu dauden lagunak, Eibarko Kezka dantza taldea eta Debako Gure Kai dantza taldeak. Donostiatik, Argia dantza taldea etorriko da, guretzat, erreferentziazko taldea inondik inora. Bizkaitik Portugaleteko Elai Alai eta Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak etorriko dira. Biak ere Haritzen bidean lagun izan ditugu. Azkenik, Nafarroatik, gonbidatutako talde lagunetatik berriena, Iruñeako Duguna dantza taldea”.
Haritzeko dantzariek ez dute dantzarik egingo oraingoan. “Abarketak kenduko ditugu, eta ikusle izatera pasako gara”, argitu dute. Kalegoen plazan egingo dute dantza jaialdia, 12:00etan. Euria egingo balu, Herriko Antzokira lekuz aldatuko dute. Jaialdia hasi aurretik kalejira bat egingo dute parte hartuko duten dantza talde guztiek Elgoibarko kaleetan barrena, 12:00etan Kalegoen plazan amaitzeko.
•Ospakizunez beteriko urtea
Ospakizun urtea izaten dihardu 2013ak Haritz Euskal Dantzari Taldearentzat, 1973an taldea sortu zenetik 40. urteurrena ospatu baitute urte osoan. Dantza taldeak urtero izaten dituen ohiko konpromisoak alde batera laga gabe, “pintzelada bereziz” marraztu nahi izan zuten urteurrena. Hala, urtarrilean, Oier Araolaza ekarri zuten mozorroen inguruan berba egiteko. Neguko festak, mozorratzea eta disfrazatzea eta beste hamaika kontu izan zituen hizpide Eibarko Kezka Dantza Taldeko eta dantzan.com webguneko arduraduna den dantzari elgoibartarrak. Otsailean, berriz, Eibarko Kezka dantza taldeak inauterietan ateratzen dituen Koko-dantzak ekarri zituen Elgoibarko kaleetara. Apirilean, Zuberoako Maskaradak ikustera joateko irteera antolatu zuten, Elgoibarko Izarrarekin elkarlanean. Izan ere, ez da ahaztu behar Elgoibarko Izarratik sortu zela Haritz dantza taldea, eta haren babesean pasa zituela hainbat urte. Abuztuan, Elgoibarko jaiekin batera, Iñaki San Martin "Soarte" argazkilariaren Apur batean soka-dantza erakusketa antolatu zuen Haritzek. Eta, urteari amaiera eman eta ospakizunak borobiltzeko, antolatu dute dantza jaialdia.