Martin Garitanok Elgoibarko errealitatea bertatik bertara ezagutzen dihardu

elgoibarren.net 2013ko aza. 14a, 17:51

 
Martin Garitano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia Elgoibarren da gaur goizean goizetik. Herritarren parte-hartzea bultzatzeko kanpainaren barruan etorri da Elgoibarrera, elgoibartarren kexa eta iradokizunak jasotzera.

 


  Goizean, Elgoibarko Udaleko zinegotziekin eta langileekin batu da, herriaren inguruko "erradiografia" egiteko. Garitanok aitortu du Pilar egoitzaren gaia izan dela batzar horretan irten den gaietako bat, baina horren harira esan du "momentuz aparkatuta" dagoen gaia dela. "Lurralde osoaren ikuspegia osatzen dihardugu eta jasotako informazio guztiarekin ikusi dugu Debabarrenea ez dela larrien dagoen eskualdea. Une zailak dira, eta lehentasunak markatu behar dira, eta iruditzen zaigu inguruan badirela zahar etxe gehiago eta ezin dela orain momentuan hori izan gure lehentasuna".

  Udaletxetik Mausitxa baserrira jo dute gero. "Gure Gobernuak garrantzia berezia eman dio beti lehenengo sektoreari eta oso ahul dagoen sektorea izan arren, ilusiorako printzak ere badaudela ikusi dugu gaur. Badaudela gure baserrien geroa ziurtatuko dutenak, eta belaunaldi berria oso prestatua dagoela horretarako".

  Mausitxatik IMHra jo dute gero. IMHn, irakasleekin eta Txandakako Ingenieritzako ikasleekin bildu da, 18-22 urte bitarteko ikasleekin (goiko argazkian). Garitanok adierazi du "ekarpen interesgarriak" jaso dituztela IMHn, gazteen ahotik. Merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntzaz jardun dute, eta hori hobetzeko bideez. Orain arte herriz herri egin dituzten gainerako bisitetan moduan, krisiari lotutako kezka da Elgoibarko gazteen artean zabalduena. "Etorkizunak kezkatzen ditu. Formatzen ari dira, etengabeko prestakuntzan ari dira, eta zaila ikusten dute lan merkatuan sartzea. Eta zaila dago egon, baina aurretik ere igaro ditugu halako garaiak eta beti irten izan gara. Horixe guk esan dieguna. Inflexio puntu batean gaudela. Tamalez, besterik ezin diegu eskaini, baina gure talaiatik eskualde osoa ikusten dugu eta ikusten ditugu aukerak", zehaztu du.

Herritarrekin bilera, 19:00etan musika eskolan
  Orain, arratsaldean, Kondia enpresa bisitatzeko asmoa dute, eta handik, garaiz baldin badabiltza, Karakatera joan nahi lukete, Dolmenen ibilbidearen inguruko azalpenak jasotzera, "turismoa delako indartu nahi dugun beste arloeetako bat". 19:00etarako, berriz, bilera irekira deitu dituzte herritarrak. Inazio Bereziartua musika eskolan egingo dute ekitaldia, eta bertan, Martin Garitano ahaldun nagusiak herritarren galderei erantzungo die, eta haiek egingo dizkieten ekarpenak jasoko dituzte.
 
•ARGAZKIAK:

Garitano udal langile eta zinegotziekin udaletxean.

Mausitxa baserrira egin duten bisitan, Jesus Ansolaren azalpenak entzuten.

IMHn, irakasleekin eta Txandakako Ingenieritzako ikasleekin.

18-22 urte bitarteko ikasleen ekarpenak jaso ditu Garitano ahaldun nagusiak.

1706637212201 Martin Garitanok Elgoibarko errealitatea bertatik bertara ezagutzen dihardu

1706637212337 Martin Garitanok Elgoibarko errealitatea bertatik bertara ezagutzen dihardu