Ateak Ireki webgunearen leihoa itxi zuen eguaztenean (azaroak 13) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Webgunearen itxiera salatu du Hekimen Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen elkarteak prentsa ohar bidez. Hekimenek, "informazio askatasunaren kontrako neurritzat jo du itxiera", eta BARRENek eta elgoibarren.net atariak ere bat egiten du salaketarekin. Hori dela-eta, "elkartasuna agertu nahi die atari hori martxan jarri eta bertan lanean aritu diren guztiei", dio oharrak.
"Hekimenek informazio askatasunean sinesten du. Komunikabide bat ixteak askatasun horren aurka jotzen du bete-betean, komunikabideek horixe egiten dutelako, informazioa askatasunez zabaldu, hedatu eta gizarteratu". Hekimenen arabera, "Ateak Ireki ekimenaren galera, alde horretatik, herritarrek informatuak izateko daukaten askatasunaren kontra doa".
Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta, Herrira mugimenduarekin lotu du webgunea Auzitegi Nazionalak, eta sarbidea galarazteko eskatu zien telefonia enpresa batzuei. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, "ETAren aldeko Herrira-ren legez kanpoko jarduna" saihesteko hartu dute erabakia, webgunea "kaltegarria eta delituzkoa" dela argudiatuta. Dena den, epaia ez da irmoa oraindik, eta helegitea jartzeko aukera zabalik dute. Joan den irail amaieran Herrira-ren aurka abiatutako sumarioan sartu du Eloy Velasco epaileak Nafarroako komunikabidea.