Iñigo Larizek garaipena eta errekorra Karakateko 20. igoeran, 27:39

elgoibarren.net 2013ko aza. 16a, 13:41

Edizio seinalatua zen aurtengoa, hogei urte bete baitira Morkaikok eta Urgazik estreinakoz Karakateko igoera antolatu zutela. Eta, are bereziagoa egin du Iñigo Larizek, gaurko irabazleak, probaren errekorra ondu baitu. 27:39 denborarekin, 38 segundoan ondo du Oier Ariznabarretak 2011n ezarri zuen marka. Ariznabarreta bera sailkatu da, hain justu ere, bigarren postuan, 29:07 denborarekin. 94 lagunek parte hartu dute igoeran. (sailkapenak, bideoa eta argazkiak dauzka).

 
 Astebarruan gogotik egin du euria eta gaurko iragarpenak ere eguraldi bustia iragartzen zuen arren, ateri esnatu da eguna. Eskertu dute Karakateko Igoerako parte hartzaileek eta ikusleek. Aurten 94 lagun batu dira Kalegoen plazan {iaz 99 izan ziren}, eta 11:00etan puntuan, kanpai hotsekin batera, irten dira Karakateruntz.

Bide berria probatu du Larizek eta uste baino emaitza hobeak eman dizkio. Arg: Ekine.

Irteeran batu diren korrikalarien artean azken hiru edizioetako irabazleak, Iñigo Lariz elgoibartarra eta Oier Ariznabarreta durangarra, ziren proba irabazteko faborito nagusiak. Egin duen eguraldiarekin, baina, errekorra ontzeko egun aproposena ote zen zalantza handiak zituzten korrikalariek eurek –hala adierazi zuten aurreko egunetan- eta ikusleek. Larizek azkar uxatu ditu zalantza guztiak, 11:30ak baino dexente lehenago ailegatu baita tontorrera, 27 minutu eta 39 segundoan, hain justu ere. Hala, lagun eta aurkari duen Ariznabarretari irabazteaz gainera, hark 2011n ezarri zuen errekorra ondu du elgoibartarrak. 38 segundoan ondu ere. Marka guztiak txikitu ditu joan den astean Espainiako kilometro bertikalen txapelketa irabazi zuen antxitxikari elgoibartarrak.
Egurraren bidea 
 Bide ezberdinetatik ailegatu dira lehen bi sailkatuak. Larizek, batzuk "egurraren bidea" eta beste batzuek “soken bidea” izenarekin ezagutzen den bidetik egin du igoera, estreinakoz, eta emaitza ezin hobeak eman dizkio hartutako erabakiak. Lariz eta Ariznabarretaren atzetik, Iosu Uriarte markinarra sailkatu da. Laugarren postuan ailegatu da Iban Murua elgoibartarra, 30:17 denborarekin. Guztira 34 izan dira parte hartzaile elgoibartarrak.
Emakumezkoetan Nahia Quincoces izan da azkarrena. Mendexako korrikalariak 36 minutu eta 31 segundoan osatu du igoera. Hortaz, ez du ondu Maite Maioraren errekorra. Ainhoa Lendinez izan da lehen emakumezko elgoibartarra (37:25). Guztira zazpi emakumezkok parte hartu dute. 
Azkenik, aurpegi onenarekin iristen den korrikalariari ematen dioten saria Josu Juaristik jaso du. Gainerako irabazleek moduan, Mausitxako gazta bat jaso du saritzat Morkaikoko presidente Andoitz Agirregomezkortaren eskutik..
SAILKAPENA: (morkaiko.net)

ARGAZKIAK: (elgoibarren.net, Ekine Alkorta eta Eider Iriondo)