Gipuzkoako garraio publikoko sistema hobetu nahi du Foru Aldundiak, eta horretarako, partaidetza prozesua du (www.garraioahobetzen.net). Diputaziotik esan dute orain arte teknikarien eta politikoen irizpideen arabera ezarri izan direla autobus-zerbitzuetako kontratazio-irizpideak, eta datorren urtean horietako batzuk berritu behar direnez, herritarren beharrak entzun nahi dituztela. Hori dela eta, bilera antolatu zuten Elgoibarren, azaroaren 11n.
Guztira 23 lagun azaldu ziren Diputazioak antolatutako bileran, eta, besteak beste, eskualde barruko zerbitzuez, eskualde arteko loturaz, autobusen maiztasunaz, ibilbideaz, ordutegiaz... berba egin zuten teknikariekin. Diputazioko arduradunek jakinarazi dutenez, 19 emakume eta lau gizon azaldu ziren Kultur Etxean egin zuten bilerara. "50 urtetik gorakoak gehienak", nabarmendu dute. Dituzten datuen arabera, horiek dira autobus zerbitzuaren erabiltzaile ohikoenak, emakumezkoak eta 50 urtetik gorakoak, alegia. Talde txikitan batu eta dituzten beharrei buruz berba egin zuten lehenik, eta ondoren, gainerakoekin partekatu zituzten ekarpenak. Elgoibarko bileran jaso zituzten ekarpen nagusiak jakinarazi ditu Foru Aldundiak:
*Ondarroa-Mallabia autobus linean:
- Mallabiarako noranzkoan, zapatu arratsaldetan, 18:00etatik aurrerako autobusa herri barrura sartzea.
- Udan maiztasun gutxiago dago, eta gainera, trenek eta autobusek ordutegi bera dute. Ordu erdiroko maiztasuna izango duen zerbitzua jartzea eskatu dute, batean trena eta bestean autobusa.
- Asteburuetan, udaran eta Aste Nagusian gauean eskaintzen duten zerbitzua beranduago amaitzea.
- Eibar da beste toki batzuetara joateko erdigunea, baina ordutegiak ez daude koordinatuta. Era berean, Gasteizera eta Bilbora joaten diren autobusen loturak hobetzea eskatu dute.
- Itziarrera lanera joaten den jendea dagoela-eta, Debatik Itziarrera dagoen lotura hobetzea eskatu dute.
- Autobus-zerbitzuaren inguruko informazioa ez da argia (oso letra txikia eta pilatuta). Pantaila elektronikoak jartzea proposatu da.
- Maalako autobus geltokian ez dago markesinarik, ezta aterperik ere.