Arazo estrukturalek konponbide estrukturalak behar dituztela ohartarazi du Emakumeen Kontseiluak

elgoibarren.net 2013ko aza. 20a, 13:24

Datorren astelehenean, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna dela-eta adierazpena plazaratu du Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak. Era berean, egunaren harira antolatu dituzten ekintzen berri eman zuten atzo prentsaurrekoan. Udaleko Berdintasun Sailak jakinarazitako datuen arabera, urtea hasi zenetik hona 21 tratu txar kasu artatu dituzte Elgoibarren (iaz 18 izan ziren), eta bi sexu eraso egon dira.



 Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Emakumeen Asanbladak eta Haizea emakume taldeak indarrak batu eta Elgoibarko Emakumeen Kontseilua sortu zuten joan den apirilean. Herriko emakumeen eta Udalaren arteko ordezkaritza, partaidetza eta elkarrizketa organoa da. Aurten, hortaz, bat eginda antolatuko dituzte estreinakoz azaroaren 25aren harira prestatu dituzten ekintzak. Horiez gainera, adierazpen bat ere adostu eta plazaratu dute.
Konponbide estrukturala arazo estrukturalari
Gizonen eta emakumeen arteko harremanetan “aurrerapen handiak” egin badira ere, harreman horiek “desberdintasunean oinarritzen” direla sarritan diote plazaratu duten oharrean. “Horrexegatik, garrantzitsuena da egoera honen arrazoiei buruzko azterketa zuzena egitea, arazo estrukturala baita. Gure ustetan, konponbidea ere estrukturala izan beharko da, hau da, konponbideak hezkuntza, politika, justizia, enplegua e.a. uztartu beharko ditu”, jarraitzen du oharrak. Elgoibarko Emakumeen Kontseiluaren helburua zein den ere azaltzen du adierazpenak: “Udalarekin eta elkarteekin batera lanean jarraitzea, prebentziorako eta sentsibilizaziorako politikak bultzatzeko; jarrera sexistak sustatzen dituzten jokaeren inguruan arreta deitzeko, eta emakume gazte zein nagusien artean, jabekuntza eta kontzientzia kritikoa sustatuko dituzten udal-estrategiak bideratzeko. {Irakurri osorik Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak azaroaren 25a dela-eta egin duen adierazpena (PDF)}

Emakumeen aurkako erasoak salatzeko elkarretaratzea Elgoibarren, 2012ko urriaren 3an.

Ekintzei dagokionez, Haizearekin elkarlanean antolatu duten Agurtzane Sololuze aristaren Poesiaz izeneko erakusketaz gainera, emakumeen asanbladak elkarretaratzea deitu du azaroaren 25erako, astelehenerako. Kalegoen plazan izango da, 19:00etan. Han, adierazpena irakurri eta isilean protesta egingo dute. Autodefentsa feminista tailerra ere antolatu zuten arren, bertan behera geratu da lagun gutxik izena eman dutela-eta.

21 tratu txar kasu
Udaleko Berdintasun Sailak jakinarazitako datuen arabera, 21 tratu txar kasu artatu dituzte aurten (azaroaren 19ra arteko datuak dituzte). 16 emakumek pairatu dituzte tratu txar kasu horiek. Salatutako sexu erasoak, berriz, bi izan dira 2013an. Iaz 18 tratu txar kasu artatu zituzten. Biktimen bataz besteko adinak, aurreko urteetatik datorren joerari eutsiz, behera egiten jarraitzen duela ohartarazi dute Berdintasun Saileko arduradunek: 34,4 urtean dago aurten batez bestekoa eta 37,4koa zen 2012an. Biktimen jatorriari dagokionez, erdiak baino gehiago atzerritarrak direla azpimarratu dute, %56,25 hain justu ere. Datu horri lotuta, Elgoibarren bizi diren atzerritarren portzentajea %6,97koa “besterik ez dela” gaineratu dute. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen artean hiruk dute lana, eta hirurek ere “lan-egoera ezegonkorrak” dituzte. Era berean, hamar emakumek gizarte laguntzak jasotzen dituzte. (Informazio osoagoa Udalak osatutako txostenean)

Koordinazio protokoloak urtebete indarrean
Sexu erasoak jasaten dituzten emakumeenganako arreta hobetzeko, tokiko jarduera eta erakundeen arteko koordinazio protokoloa onartu zuen iaz Elgoibarko Udalak. Protokoloaren eskakizunetara egokitzeko barne prestakuntza jaso dute udaltzaingoko kideek, Udaleko gizarte langileak eta berdintasun teknikariak. Erakunde Arteko Koordinazio Teknikorako Mahaia ere osatu dute, tratu txar kasuen eta eraso sexualen jarraipena egiteko. Urtean birritan batzen dira mahaikideak: Berdintasun zinegotzia, udaltzainburua, gizarte zerbitzuetako burua, berdintasun teknikaria, Ertzaintzako bi ordezkari eta Osakidetzako bat. Aurrekoez gainera, ikastetxeetako ordezkariak eta Lanbidekoak gonbidatu nahi dituzte mahaian parte hartzera. Koordinazio Teknikorako Mahai Intramunizipal bat ere osatu du Udalak. Hilean behin egiten dituzte bilerak.

Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen taldea
Azkenik, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen talde bat osatu dute. “Sei edo zazpi emakumek parte hartuko dute taldean eta datorren astean batuko dira estreinakoz”, azaldu du Elena Alonso Udaleko Berdintasun teknikariak. “Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen laguntza psikologikoa jasotzen dute emakume horiek. Orain, euren esperientziak partekatzeko aukera izango dute hamabi saiotan”.
Beldur Barik lehiaketa
Ikastetxeetan ere badihardute indarkeriaren prebentziorako lanean. Hala, neskentzako autodefentsa ikastaroak eta mutilentzako maskulinitate tailerrak antolatu dituzte amaitzear den urtean. Indarkeria matxistari aurrea hartzeko Beldur Barik tailerrak ere antolatu dituzte. Beldur Barik egitasmoaren barruan egiten den lehiaketan, berria, bi bideo lan aurkeztu dituzte bi talde elgoibartarrek.
 
Lotura duten albisteak: