Joan den zapatuan jokatu zen Alkortako Igoeran 25 lagunek parte hartu zuten, guztiak gizonezkoak. Udaletxe azpitik irten ziren korrika, eta 4,7 kilometroko ibilbidea egin eta gero, Iban Murua ailegatu zen lehen postuan Alkorta baserri parean zegoen helmugaraino. Murua sasoi betean dagoela erakusten ari da aurten. Pauso bat aurrera eman du lehiaketetan eta jokatzen dituen lasterketetan aurrenekoekin lehian ibiltzera pasa da. Azken aldian lortu dituen emaitzak dira egin duen abantzuaren lekuko. Joan den urrian hirugarren postuan sailkatu zen Galdamesen jokatu zen Pico La Cruz Igoeran, eta, joan den astean ere hirugarren postuan sailkatu zen Iñigo Larizek irabazi zuen Karakateko Igoeran.
Iñaki Pelayo mendaroarra sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik 26 segundora. Galdakaoko Eder Rodriguez heldu zen hirugarren postuan, 22:42 denborarekin. Eguraldi bustia egin zuen zapatu goizean baina haizerik ez zegoenez, aproposa markak egiteko. Alabaina, errekorra ontzetik urrun geratu zen irabazlea. Gizonezkoetan Iñigo Lazkano mendaroarrak dauka errekorra 20:24 denborarekin, eta emakumezkoetan, berriz, Nerea Amiliabia aiarrak 25:49 denborarekin.
Parot doktrinaren kontra antolatzen dute lasterketa hau. Aurten berezia izan da igoera, izan ere, 27 urteko espetxe zigorra bete ondoren, joan den astean utzi baitzuten aske Jokin Urain, Alkorta baserriko semea.
•ARGAZKIAK:
∞Lotura duten albisteak:
- Iñigo Lariz eta Nerea Amilibia garaile Alkortako Igoeran (2012-11-26)
- Alkortako Igoera: Garaipena eta errekorra Lazkano eta Amilibiarentzat (2011-11-28)
- Bigarren urtez jarraian irabazi du Lazkanok Alkortako Igoera (2010-11-29)
- Bideoa: 2009ko Alkortako Igoera (2009-11-25)
- Iñigo Lazkano mendaroarrak irabazi du Alkortako IV. Igoera (2009-11-23)
- Alkortako Igoerako errekorra hautsi du Joseba Plaza markinarrak (2008-11-25)