Deba ibaiko ur-lasterrak piraguan jaitsi ditu Paulo Garikanok, Elgoibar parean

elgoibarren.net 2013ko aza. 25a, 14:19

Ur jauziak eta tamaina handiko arroken arteko ur-lasterrak dira nagusi Saturixo errekak eta Deba ibaiak bat egiten duten ingurutik Andikanora bitartean. Paulo Garikanok piraguan jaitsi du Deba ibaiko tarte hori. Gainera, jaitsieran hartutako irudiekin osatutako bideo ikusgarria zintzilikatu du sarean. (bideoa dauka)

 
 Bagenekien Saturixo errekak arroila jaitsierak egiteko ezaugarri egokiak zituela. Orain, Paulo Garikano Donostiako Atletico San Sebastian taldeko piraguistari esker, Deba ibaiko zati bat, Saturixo eta Andikano artekoa, hain justu ere, muturreko piraguistentzat aproposa eta erakargarria dela jakin dugu. Piraguarekin ur-lasterretako ibaiak jaisten eta itsasoan olatu handiak hartzen aditua da Paulo Garikano (ikus ondorengo bideoan piraguarekin egiteko gai dena).
 Era berean, Indar Basque Team taldeko kidea da Garikano, Alex de Leon txirrindularia, Beñat Zubillaga parapentista eta Iñaki Añorga korrikalariarekin batera. Talde horrek birritan hartu du parte Dolomitenman kirol proban, inoiz egin den taldeko kirol probarik basatienetakoa eta gogorrenetarikoa askoren iritziz. Proban parte hartu zuten estreinako euskaldunak izan ziren.
Garikanok sei metroko ur jauziak salto egin zituen Austrian jokatu zen proban. Elgoibarren salto egin dituen ur-jauziak horren handiak ez diren arren, irudi ikusgarriak laga ditu Garikanoren jaitsierak. Are gehiago, ingurua ezaguna denean eta bertan horrelakoak ikustera ohituta ez gaudenean. Ikusi joan den azaroaren 18an frikrik-ekoek Youtubera igo zuten bideoa: