Gabonetako euskarazko ipuin lehiaketa antolatu du Mendaroko Udalak

elgoibarren.net 2013ko aza. 26a, 13:36

 
Gabonetako ipuin lehiaketa antolatu du, beste behin ere, Mendaroko Udalak Debabarrenako gaztetxoentzako. Idazlanak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a da. Ondoko argazkian, 2012ko irabazleak.

 

 Hiru sail izango ditu 19. Gabonetako Euskarazko Ipuin lehiaketak. Hala, L.H.ko 5. eta 6. mailakoek gutxienez orrialde bat eta gehienez bi orrialdeko lanak aurkeztu beharko dituzte. D.B.Hko 1. eta 2. mailako ikasleek, berriz, gutxienez bi orrialde eta gehienez lau orrialdekoak, eta azkenik, gutxienez lau eta gehienez sei orrialdeko idazlanak aurkeztu beharko dituzte D.B.Hko 3. mailatik aurrerako ikaslek. Irabazlek eta bigarren lan onenek MP4 eta MP5 irakurgailuak jasoko dituzte, txikienen mailetan. Nagusietan, aldiz, 200 euro jasoko ditu irabazleak, 100 euro bigarren sariaren irabazleak eta 50 euro herriko idazlanik onenak.

Iaz, 5. eta 6. mailakoen kategorian Ehki Zubiaurre mendaroarak irabazi zuen, eta Gorka Bolunburu izan zen bigarrena. DBHko 1. eta 2. mailakoen artean Ana Zubiaurre elgoibartarra izan zen irabazlea, eta Mendaroko Enara Agirrezabalek egin zuen bigarren. Azkenik, D.B.Hko 3. eta 4. mailakoetan Nora Kortaberria elgoibartarrak irabazi zuen, Irati Gurrutxagak egin zuen bigarren eta June Ezpeletak jaso zuen herriko onenaren saria. (goiko argazkian ageri dira sarituak)

 Lehiaketara aurkezten diren lan guztiak euskaraz izan beharko dira, eta aurrez beste inon argitaratu gabeak. Idazlanak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a da. Mendaroko Udalean entregatu behar dira lanak. Postaz ere jasoko dituzte, honako helbide honetan: Mendaroko Udala (Kultura Saila) Herriko Enparantza 1 zkia. 20850 Mendaro. (Lehiaketaren oinarriak - PDF)
Era berean, sari banaketa abenduaren 24an egingo dute, eguerdian, Mendaroko Goñati frontoian.