Alcobendaseko krosean parte hartu dute Mintxetako 35 korrikalarik

elgoibarren.net 2013ko aza. 26a, 19:27

Alcobendaseko (Madril, Espainia) atletismo taldeak gonbidatuta, Espainiako Konstituzioaren Nazioarteko krosean parte hartu dute Mintxeta Atletismo Taldeko 35 antxitxikarik. Mugertza krosean korrika egitera etortzen direnetan jasotzen duten tratu onaren esker onez gonbidatu zituen Alcobendaseko CAP taldeak elgoibartarrak. Kirola eta aisialdia uztartu dituzte asteburu borobilean eta, gainera, Martin Hernandezek infantil kategoriako proba irabazi zuen.



 Antonio Rodriguez Benaventeren oroimenez jokatzen den Espainiako Konstituzioaren Nazioarteko krosaren 32. ekinaldia jokatu zen joan den domekan (azaroak 24), Alcobendasen, Madril hiriburutik 13 kilometrora dagoen hirian. Alcovendaseko CAP (Club de Atletismo Popular) atletismo taldeak gonbidatuta, Mintxeta atletismo taldeko 35 korrikalari eta 20 laguntzaile joan ziren madrilera.

Martin Hernandez, eskuinean elastiko urdinarekin, lasterketa buruan.

Asteburu ahaztezina pasa zuten Elgoibartik joandako guztiek eta, bereziki ahaztezina izan zen Martin Hernandez Beitiarentzat. Izan ere, lasterketa lehiatu baten ostean, infantil kategoriako proba irabazi zuen Deban bizi baina guraso elgoibartarrak dituen Mintxetako antxitxikariak. Irteera eman orduko jarri zen lasterketa buruan Hernandez (ondoko argazkian). David Cueje madrildarrak, baina, estu hartu zuen Minhtxetako saltakaria. Bien arteko lehia ez zen azken txanpara arte argitu eta azkenean segundo bakarreko aldearekin irabazi zuen proba Hernandezek.
 
*Argazkiak: Aitor Zabala.