'Ahotsak' proiektuan parte hartu dutenei eskerrak emango dizkiete abenduaren 4an

elgoibarren.net 2013ko aza. 27a, 15:40

Urteetan zehar, Debarroko Badihardugu Elkarteak, Ahotsak.com proiektuaren bitartez, milaka grabazio jaso ditu Euskal Herri osoan zehar, euskarazko ahozko ondarea bildu eta digitalizatzeko asmotan. Proiektu horren baitan, Elgoibarko ahozko ondareak ere izan du lekua. 70 herritarren lekukotasuna jaso da, eta 1.216 pasarte inguru jarri dira sarean. Proiektua aurkezteko eta egitasmoan parte hartu duten herritarrei eskerrak emateko ekitaldia egingo dute abenduaren 4an.


  Elgoibarko Udalak, Badihardugu elkartearekin batera, 2007 urtean jarri zuen Ahotsak.com proiektua abian, herriko nagusienen ahotik, gure ahozko ondarea jasotzeko helburuarekin. Horrela bada, guztira, 70 herritarren lekukotasuna jaso da, eta 1.216 pasarte inguru jarri dira sarean. Horretaz gain, elkarrizketa horietatik, 255 pasarte transkribatu dira, eta 130 audio eta 360 bideo sareratu dira, ondare hori herritar guztien esku jarri nahirik. Horri guztiorri esker, nahi dutenek, gure herriko historiari, ohiturei, tradizioei, antzinako lanbideei, bizimoduari eta abarri buruzko informazioa izango dute www.ahotsak.com/elgoibar helbidean.

  Horretarako, Elgoibarko adineko hainbat pertsonari elkarrizketak egin zaizkie propio; eta horretaz gain, beste hainbat proiektutarako egin ziren elkarrizketak baliatu dira: esaterako, “Elgoibarko berbetia”, “Elgoibartarren esanetan”, “Elgoibar 1936”, “Elgoibarko Makina Erremintaren Historiazaleak”...
  • Aurkezpena abenduaren 4an: Proiektu hau herritar guztiei ezagutarazteko, eta bidenabar, bertan parte hartu duten guztiei eskerrona adierazteko, Udalak aurkezpen ekitaldia antolatu du abenduaren 4rako. Beraz, esan bezala, aurkezpen ekitaldia, abenduaren 4an, eguaztena, izango da, 19:00etan, Kultur Etxeko sotoan.