Kirol arloko Berdintasun Sariak antolatu ditu Elgoibarko Udalak

elgoibarren.net 2013ko aza. 28a, 12:20

 
Kirolean emakumeen partaidetza eta berdintasuna bultzatzeko bi ekimen antolatu dituzte Elgoibarko Berdintasun Sailak eta Kirol Patronatuak elkarlanean. Batetik, abenduaren 18rako mahai inguru bat antolatu dute, emakumea eta kirola gai hartuta. Bestetik, kirol arloko Berdintasun Sariak ere antolatu dituzte. Sari bi izango dira, biak 500 eurokoak: taldekoa eta bakarkakoa.


 “Herriko kirolaren esparruko maila guztietan emakumeen eta nesken partaidetza lortzeko egin diren ekarpen esanguratsuen aitorpena” egiteko asmotan antolatu ditu Elgoibarko Udalak kirol arloko Berdintasun Sariak. Udalak jakinarazi du abenduaren 5a arteko epea dagoela hautagaiak aurkezteko eta sari banaketa ekitaldia abenduaren 14an izango dela, Olaizaga kiroldegian. Euskadiko senior emakumezkoek eta Txileko eskubaloi selekzioek jokatuko duten partidaren aurretik.

 Herritar, elkarte, klub eta erakundeek aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak. Udal Erregistroan edo Berdintasun Sailean (berdintasuna@elgoibar.net) aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketaren Epaimahaiak abenduaren 11n ezagutaraziko ditu kirol arloko berdintasunaren estreinako sariak eskuratu dituzten pertsonen edo erakundeen izenak. Horretarako, hautagaitzaren proposamenari buruzko inprimakia aurkeztu beharko da, behar bezala beteta. Inprimakian saria emateko arrazoiak adierazi beharko dira; eta saria jasotzeko egindako merituak justifikatzen dituen dokumentazioa ere aurkeztu beharko dela jakinarazi du Elgoibarko Udalak.
Emakumea eta kirola eztabaidagai
 Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sariak banatuko dituzte abenduaren 18an (ikusi iazko sarituak). Azken urteotako ohiturari jarraituz, sariak banatu aurretik kirolarekin zerikusia duen mahai ingurua antolatu du Udal Kirol Patronatuak. Aurten emakumea eta kirola gai hartuta arituko dira solasean sona handiko euskal emakumezko kirolariak. Ainhoa Azurmendik gidatuko du mahai ingurua.
 
Diagnostikoaren emaitzak, abenduaren 4an argitara
 Udaleko Berdintasun Sailak sustatuta, emakume kirolarien taldea sortu zen orain gutxi Elgoibarren. Horri lotuta, kirol arloan berdintasunaren ikuspegitik egindako diagnostiko kualitatiboan egindako emaitzak eta proposamenak azaldu eta aztertuko dituzte datorren eguaztenean, hilaren 4an, 17:30etan, Kultur Etxeko Hitzaldi gelan. Kirolean eta berdintasunaren gaian Interesa duten emakume guztiak gonbidatu nahi dituzte Elgoibarko Udaletik.