Kiko Rivera Elgoibarrera etortzekoa dela dioen zurrumurrua zabalduta zegoen herrian, eta hala izango dela baieztatu du Imanol Urainek, herriko tabernari talde batek sortu duten Vacuna S.L elkarteko kideak. San Anton Egunerako ekarriko dute artista andaluziarra. Francisco José Rivera Pantoja (Sevilla, Espainia, 1984), Paquirrin gisa ezagunagoa, Isabel Pantoja abeslariaren eta Francisco Rivera toreatzailearen semea izateagatik eman zen ezagutzera hasieran, baina telebistan eta zinean (Torrente 4) hainbatetan agertu ostean, pertsonaia mediatikoa da gaur egun.
Elgoibarren eskainiko duten DJ ikuskizunari dagokionez, 22:00etan irekiko dituela ateak karpak jakinarazi du Imanol Urainek eta Kiko Rivera gauerdian hasiko da musika jartzen. Era berean, karpa jarri behar dutela aprobetxatuz, zapatuan eta domekan, urtarrilaren 18an eta 19an, kubatar jaia antolatuko du bertan joan den urrian Vacuna Salsa Weekend jaialdia antolatu zuten lagunek.