Datorren urteko Elgoibarko Udal aurrekontua 12,8 milioi eurokoa izango da

elgoibarren.net 2013ko aza. 29a, 20:01

Elgoibarko Udalak 12.889.304 euroko aurrekontua kudeatuko du datorren urtean {2013koa baino 335.913 euro gehiago}. Inbertsioetarako 1.590.365 euro gorde dituzte, Udal Gobernu taldeak (EAJ-PSE-EE) adostu duen udal aurrekontuaren zirriborroan ageri diren zifren arabera. Inbertsio handienak Maalako parkearen estaldura (300.000 euro) eta Trenbide kaletik San Rokera igogailua egitea (435.629 euro) izango dira. Abenduaren 19ko Osoko Bilkuran aurkeztuko dute behin betiko aurrekontua. Era berean, 2014ko Mendaroko Udal aurrekontua 2.209.200 eurokoa izango da.



  Aurkeztu dituzten udal aurrekontuen zirriborroaren harira, udalaren aurrekontua "orekatuta" dagoela nabarmendu du Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak. "26.918 euroko oreka presupuestarioa ematen baitu", adierazi du. Era berean, sarrera arruntak 12,69 milioikoak direla 2014ko aurrekontuan eta gastu arruntak 11,23 milioikoak. Hortaz, aurrezki garbia 1.430.156 eurokoa da. Datu eta zifra horietan oinarrituta, Elgoibarko Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa "oso saneatua" dela argudiatu du alkateak. "Zor bizia sarrera arrunten %1,56 (190.000 euro inguru) izango dela aurreikusten da, 2014rako ezarritako %95 helburutik oso azpitik". Zorrik ez izateaz gainera, jasotzen dituen fakturak 30 egunera, "legeak agintzen duen modura", ordaintzen dituela Udalak ohartarazi du Etxeberriak.

Kirol Patronatua eta San Lazaro egoitza
  12,8 milioi euroko udal aurrekontuari Udal Kirol Patronatura eta San Lazaro zahar etxera bideratutako partidak gaineratu behar zaizkio, horrela banatzen baititu udal aurrekontuak Elgoibarko Udalak. Hala, Udalak, 1.056.947 eta 1.404.768 euroko bi partida izendatu ditu, hurrenez hurren, Udal Kirol Patronatuaren eta San Lazaro egoitzaren kudeaketa burutu ahal izateko. Hortaz, guztira, 15.011.707 euro, barne transferentziak kendu eta gero. Izan ere, Udal Kirol Patronatuari 395.047 euro transferituko zaizkio, iaz transferitu zitzaion diru kopuru berbera, alegia. San Lazaro egoitzak ez zaio inolako transferentziarik egingo, "berak sortutako baliabideekin eta aurreko urteetan metatutako diruzantza gerakinarekin" aurre egingo dielako 2014ko gastuei.

Aurrekontuaren %8 inguru Hezkuntzara eta ikastetxeei
  Herriko ikastetxe ezberdinetan 919.547 euroko gastua egingo du Elgoibarko Udalak 2014an, 2013an baino 50.000 euro inguru gehiago. horien artean, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskola izango da diru gehien jasoko duena, eta baita iaztik hona igoera handiena izango duena ere. 342.681 euroko aurrekontua izan zuen 2013an eta 390.025 euro izango ditu datorren urtean.
  Sailkako azterketarekin jarraituz, Gizartegintza Sailak 1.078.660 euro jaso zituen iaz, eta zertxobait gehiago jasoko du 2014an: 1.093.721 euro.

1706637153443 Datorren urteko Elgoibarko Udal aurrekontua 12,8 milioi eurokoa izango da

1706637153518 Datorren urteko Elgoibarko Udal aurrekontua 12,8 milioi eurokoa izango da

 
Inbertsio nagusiak
Inbertsioetarako iaz baino dezente diru gehiago gorde du Udalak. 2013an milioi bat euro, aurrekontu osoaren %7,98 bideratu zituen inbertsioetarako eta 1.590.365 euro {%12,34} 2014an. Honako hauek izango dira inbertsio handienak:
  • Mugiezinen konponketak: 150.000 Euro
  • Parkimetroak {Antonio Arrillaga eta San Ignazio kaleetan}: 18.000
  • Kamerak jartzea San Frantzisko kalean: 14.000
  • Bide publikoen konponketa eta urbanizazioa: 170.000
  • Maalako parkearen estaldura: 300.000
  • Estazio kaletik San Rokera igogailua {goiko argazkietan}: 435.629
  • Sigma auzoan 634 errepidea gurutzatzeko pasabidea: 105.091
  • Sigman eta Altzolan inbertsioak: 100.000
  • Landa lurretan lanak egitea: 170.000
  • Hirigintzako proiektuak idaztea: 135.000
 Tokiko korporazioan ordezkaritza duten gainerako talde politikoek (EH Bildu eta PP) beraien ekarpenak egin ahal izango dizkiote Udal Gobernuak aurkeztu duen aurrekontuaren zirriborroari. Gero, abenduaren 19ko plenoan eztabaidatu eta onartuko dira.
 
Mendaroko Udal aurrekontua 2.209.200 eurokoa da
 Datorren urteko Mendaroko Udal aurrekontua 2.209.200 eurokoa izango da, iaz baino %1,75 handiagoa. Joan zen astean onartu zituzten udal aurrekontuak, EHBilduren botoekin, EAJko hiru zinegotziek kontra bozkatu zuten, eta PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen. Inbertsioetarako 156.500 euro gorde ditu Mendaroko Udalak 2014rako. Partida horretako zatyirik handiena, 75.000 euro, argiteria publikoaren eraginkortasuna zaintzeko proiektua martxan jartzeko izango dira.