Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

elgoibarren.net 2013ko abe. 2a, 13:29

Aurten elkarlanean antolatuko dute Euskararen Eguna herriko hainbat eragilek eta norbanakok Elgoibarren. Urte osoan euskaraz bizi nahi duten lagunak batu dira eta ‘Euskarak 365 egun’ lemapean horixe aldarrikatu nahi dute: euskara ez dela egun bakarreko kontua. Alabaina, biharko ere hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Era berean, oraindik ere badago aukera Euskararen eguneko lantaldeak idatzi duen manifestuari atxikimendua emateko edo Euskarak 365 egun kartelarekin ateratako argazkiak bidaltzeko. (argazkiak dauzka)


1706637151543 Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

Euskararen egunerako, abenduaren 3rako, ospakizun ekitaldi xumea antolatu du Elgoibarko lantaldeak. Orain arte ikastetxeetan eta hainbat enpresetan ospatzen zuten euskararen eguna, baina aurten, horiek guztiak alde batera utzi gabe, kalera irtengo dira denak batera, euskararen eguna ospatzera, ospatu egin behar dela uste dutelako. Euskararen eguna elkarrekin ospatzeko gonbitea egin diete herritarrei, euskarak eta euskaldunok kaleak hartzea nahi dute, eta plaza betetzeko deia egin diete elgoibartarrei. Hona hemen antolatu duten egitaraua:
  • 9:45 Dantzaldia Herri Eskolak antolatuta, Lekuederren.
  • 11:15 Manifestua Herri Eskolako, Ikastolako eta Institutuko ikasleek euskararen aldeko manifestua irakurriko dute. Kalegoen plazan. segidan argazki erraldoia aterako dute.
  • 15:30 Mendaroko ikastolako jaialdia Ikastolako patioan
  • 17:00 Kiribilka Kiribilkaren saioa, Kalegoen plazan.
  • 17:45 Kalejira Musika eskolako trikiti ikasleen kalejira.
  • 18:00 Ekitaldi nagusia Kalegoen plazan.
  • 18:30 Kalejira trikitilari, txistulari, dantzari eta Kale Kantariekin.
Euskararen Eguna herriko ikastetxeetan
 Esan bezala, Elgoibarko lantaldeak antolatutako ekintzez gainera, herriko ikastetxeek ekitaldi sorta zabala prestatu dute Euskararen Eguna ospatzeko. Ikastetxe barruan egingo dituzte ekintzetako batzuek eta kanpoan beste zenbait. Elgoibar Ikastolak Argitxoren antzerkiarekin hasiko ditu abenduaren 3rako prestatutako ekitaldiak (ikus egitaraua). Gainera, Euskal Herria Zuzenean telebista saiokoen bisita jasoko dute goizean. Gero, EITB-1ek arratsaldero zuzenean eskaintzen duen saioan ikusi ahal izango dira Elgoibarren grabatuko dituzten irudiak, Euskararen Egunaren harira saio berezia egiteko asmoa baitute.
Herri Eskolan ere modu berezian ospatuko dute Euskararen Eguna. Herriko kaleak girotzeko amotan kalejira eta dantzaldia egingo dituzte. (ikus egitaraua ikastetxeko gurasoei bidali dieten gonbidapenean)
Meka Lanbide Eskolan ere ospatuko dute abenduaren 3a. Kike Amonarrizek gidatutako Tribuaren Berbak saioaren atal bat ikusiz hasiko dute biharko eguna. Ondoren, Hogei Hatz ikuskizunaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute, eta azkenik, Gutun Erotikoen Lehiaketako sari banaketa egingo dute. Finalisten gutunak jendaurrean irakurriko dituzte lehenik eta gustukoenari botoa eman beharko diote gero. Ondorengo bideoan 2012ko Euskararen Eguneko ospakizunak:

Euskararen Eguna DanobatGroupen
 DanobatTaldean berebiziko garrantzia dauka euskarak, eta beti erakutsi dute euskararekiko konpromiso argia. Euskara planak martxan daudenetik, Euskararen Eguna ospatzen dute abenduaren 3an. Langileentzat hainbat ekitaldi antolatzen dituzte urtero. Gehienak enpresa barruan egin ohi dituzte, baina kalera ere atera izan dute euskara, eta enpresako ateetatik kanpo ere ospatu izan dute Euskararen Eguna. Joan den barixakuan, esaterako, bertso trikipoteoa egin zuten. Bestalde, azken urteetako ohiturari eutsiz, kooperatiba ezarrita dagoen herrietako ikastetxeetako haur eta gaztetxoei zuzendutako lehiaketa ere antolatu dute: Euskararen Eguneko Jokoa. webgunean jarri dituzten ariketak bete beharko dituzte lehiakideek. Irabazleak e-book bat eskuratuko du. Enpresako langileentzat eta bazkideentzat ere prestatu dute aurrekoaren antzeko lehiaketa bat.

Manifestuari atxikimendua eta argazki mosaikoa
 Zazpi puntu nagusi batzen dituen manifestua idatzi du euskararen eguneko lantaldeak. Manifestuari atxikimendua emateko mahaia jarri zuten joan den zapatuan Lekuederren. Hainbat herritarren atxikimenduak jaso zituzten bertan. Pitxintxun, jubilatuen biltokian, liburutegian eta eskoletan ere ari dira atxikimenduak jasotzen. Horrez gain, www.elgoibarkoizarra.com webgunean ere eman daiteke atxikimendua. Era berean, Euskarak 365 egun kartelarekin norbanakoek ateratako argazkiak bildu nahi dituzte, mosaiko erraldoi bat osatzeko. Erretratuak norberak atera ditzake eta komunikazioa@elgoibarkoizarra.com helbidera bidali.
•ARGAZKIAK:(argazki gehiago Elgoibarko Izarrak Facebook sare sozialean duen profilean)

1706637151790 Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

1706637151945 Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

1706637152046 Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

1706637152186 Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

1706637152266 Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

1706637152388 Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, Euskararen Egunerako

Goitiko langileak.

Sanlo eskubaloi taldekoak.

Bartzelonatik atxikimendua.

BARREN aldizkariko langileak.

Haritz dantza taldeko kideak.

Herri Eskolako irakasleak, gurasoak eta ikasleak.