Izaera bereziko auzoa da Altzola, eta iragan hurbilean ere berezia eta sona handiko auzoa izan zen, besteak beste, 1846an bainuetxea eraiki zutenetik. Bi urte lehenago, 1844an, Pedro Manuel Atristainek, sasoi hartan Elgoibarko alkate zenak, Altzolako ur-beroak erregistratu eta "Etxe-zuria" baserria bota eta gero eraiki zuten bainuetxea. XIX. mendean ospe handia izan zuen. Erbestetik jende asko etortzen zen ur termalak edan eta gaixotasunak sendatzera, edo besterik gabe, atsedena hartzera. Bainuetxearen itzalean hamar ostatu eta hotel izatera iritsi zen Altzola: Larrañaga, Boulevard, Alzola, Zelaia, Albizkoa, Ituarte, Sebastiana, Leocadia, Juliana eta Dolores. Jende dotorea eta diruduna joaten zen Altzolako Bainuetxera {ikusi Paki Isastiren oroitzapenak ahotsak.com webgunean}. Gaur egun, bainuetxe bezala funtzionatzen ez duen arren, oraindik ere, bertako ura komertzializatu egiten da.
Iragan aberats hori ezagutzera emateko asmoz, eta, aldi berean, bere haurtzaroko oroitzapenak berreskuratze aldera, etxez etxe argazki esanguratsuen peskizan ibili da Jose Luis Urbieta, gaur egun Eibarren bizi den Altzolako semea. “Jose Luisek eginiko lana ez da makala. Bere ahaleginari esker, erretratu zaharren bildumatxo bat osatu du eta Altzola auzoaren bilakaera erakusten duen argazki erakusketa bat egiteko adina material geneukala konturatu ginen”, azaldu dute Ongarriko kideek. Ehun argazki inguru aukeratu dituzte erakusketarako, txuri beltzean daude gehienak, baina bada tartean koloretako argazkirik ere.
- Datorren eguaztenean, abenduaren 4an, inauguratuko dute erakusketa Elgoibarko Kultur Etxean, eta abenduaren 14ra arte egongo da zabalik. Astelehenetik barixakura (18:30-20:30) eta zapatuetan (12:00-14:00 eta 18:30-20:30) bisitatu ahal izango da.