Aldarrikapena eta jaia eskutik Euskararen Egunean

elgoibarren.net 2013ko abe. 3a, 13:26

Euskararen aldeko aldarriak hartu ditu Elgoibarko kaleak goizean goizetik. Ikastetxeak hustu eta Euskararen Eguna ospatzera irten dira kalera Elgoibarko ikasleak, aldarrikapena eta jaia uztartuz. (*arratsaldeko saioko argazkiak gaineratu ditugu)

 

 ‘Eman martxa euskarari, mundiala da-eta’ leloa zeraman pankartaren atzetik gurutzatu dituzte herriko kaleak Herri Eskolako ikasleek gaur goizean. Musikaz girotuta egin duten kalejiraren ostean, Lekuederrera joan dira guztiak eta Jon Urbieta DJ zumaiarrak gidatu eta girotu duen disko festan parte hartu dute guztiek, ordubetez. Makina bat euskal abesti kantatu eta dantzatu dituzte eta Sorgiña Pirulinaren bisita ere jaso dute. Ikastetxeko guraso, irakasle eta ikasleek euskararen aldeko mezuak ere irakaurri dituzte oholtza gainetik. Musika emanaldiaren amaieran Kalegoen plazara jo dute guztiek, han zain zituzten-eta, Elgoibar Ikastolako eta Institutuko ikasleak.
 Elgoibar Ikastolakoek ikastetxe barruan egin dituzte Euskararen Egunaren harira antolatu dituzten ekitaldiak eta 11:00etan kalera irten dira Euskara 365 egunetako kontua dela adierazteko karteltxoekin. Ikasle bakoitzak urteko egun bati zegokion zenbakia zeraman margotuta koloreetako kartulina bakoitzean. Herri Eskola, Ikastolako eta Institutuko ikasleek euskararen aldeko manifestua irakurri dute udaletxeko balkoitik eta, segidan, argazki erraldoia atera dute guztiek elkarrekin. Etb1eko kamerak Ikastolan izan dira goizean eta Euskal Herria Zuzenean saioan eskaini dituzte bertan jasotako iruiak {saioaren hogeigarren minututik aurrera ageri da Elgoibar Ikastola}
•Arratsaldean ekitaldi nagusia
  Euskararen Eguneko ospakizun ekitaldiak, baina, ez dira hemen amaitu. Mendaroko ikastolan ere ospatuko dute abenduaren 3a. 15:30ean hasiko da egun seinalatu honetarako antolatu duten jaialdia ikastetxeko patioan. Elgoibarrera bueltatuz, Kiribilkaren saioarekin izango du segida gaurko egunak. 17:00etan azalduko da Kalegoen plazan Elgoibarko Izarrako barraskilo ezaguna. Ondoren, 17:45ean, musika eskolako trikiti ikasleen txanda izango da. Kalejiran aterako dira. Ekitaldi nagusia 18:00etan hasiko da Kalegoen plazan. Zazpi puntu nagusi batzen dituen manifestua irakurtzeaz gainera, suarekin zerikusia duen "sorpresatxo bat" egongo dela iragarri dute Euskararen Eguna elkarlanean antolatzeko batu ziren herritar taldeko kideek. Trikitilari, txistulari, dantzari eta Kale Kantariek musikarekin emango diote amaiera gaurko prestatutako ekitaldiei. Alabaina, ezin dezakegu ahaztu bihar, eta etzi eta urteko egun guztietan ere euskararen eguna izaten jarraituko duela. Jon Sarasuari berbak lapurtuz, gaur 365 egun bete baititu euskarak.
•Zortzi bertsolari finalisten bertsoak
 Bertsolariak, -edo izandakoak, gutxienez- aipatu ditugunez, Ainhoa Lendinezek bertso bana eskatu die Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu diren zortzi bertsolariei. Honako gaia jarri die elgoibartarrak: Zer bertso egingo zenioke euskarari? elgoiBARREN.net atarian duen Loramen blogean ikus ditzakezue bertsolarien erantzunak.
ARGAZKIAK: