Euskaltzaindiaren sail bakoitzaren plangintza zehazteko, jardunaldi batzuk egin ohi ditu erakundeak, eta Gramatika Batzordeak eginiko proposamenari ohar batzuk egin zizkion euskaltzain batek. Joan de barixakuko bileran {azaroaren 28an egin zena} eztabaidatu zuten oharren inguruan; horietan, beste mota bateko gramatika bat ezartzeko eskatzen zen. Pello Salaburu Gramatika Batzordeko buruak Berria egunkariari egin zizkion adierazpenetan aditzera eman duenez, Gramatika Batzordeari ez zitzaion proposamena "egokia" iruditu ikuspuntu akademikotik. Salaburuk esan duenez, eginkizun hori beste norbaitek izatearen alde egin du zuzendaritzak. "Euskaltzaindiko zuzendaritzak konfiantza galdu du gugan, gure lana ez da aintzat hartu, eta hori izan da dimisioa emateko arrazoi nagusia". Bi proposamenak bozkatu ziren, eta Gramatika Batzordekoak boto gutxiago jaso zituen. Horren ondorioz, atzo eman zuten dimisioa Gramatika Batzordeko kide guztiek.
•Desadostasunik gabeko erabakia
Batzordeko kide guztiek bat egin dute dimisioa emateko erabakiarekin. "Gure artean ez da desadostasunik egon. Hau ez da beroaldi bat izan, eta asko kosta zaigu erabakia hartzea" azaldu du Salaburuk. Era berean, nabarmendu du Gramatika Batzordearen lanak direla "gehien ezagutzen eta baloratzen direnak Euskaltzaindiaren lanen artean". Era berean, Salaburuk aitortu du ez dagoela batere gustura dimisioaren erabakia Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldu delako. “Hori ez genuen baloratu; damutzen naiz. Ez genuen inolako asmorik Euskararen Egunean horrelakoekin hasteko”. (Entzun hemen: Pello Salaburuk Euskadi Irratian batzordekideen dimisioaren harira emandako elkarrizketa)
•Makazagaren iritzia
Salaburuk emandako arrazoi guztiekin bat dator, “jakina”, Jesus Mari Makazaga. “Gure batzordeburua da eta bozeramaile ere bihurtu da egunotan”, esan du Batzordeko idazkari den Makazagak. Dimisioa ematearena blokean hartutako erabakia izan dela berretsi du filologo elgoibartarrak. “Bi batzordekide falta ziren egun hartan, eta horiek bakarrik falta dira dimisioan. Ez dakigu oraindik zer egingo duten: beren erabaki pertsonala da. Ildo beretik, Salaburuk eginiko adierazpenak osatu ditu: “Ez da arinki hartutako erabakia; badakigu larria dela; egoera konpontzen ahalegindu gara urte guztian zehar, baina ez da posible izan. Lan-giro eskas horrekin, eta gure arloa dena behin eta berriz aldarrikatzen ibili behar horrekin, nekez segitu dezakegu gure benetako lana egiten, euskararen gramatika egiten. Gutxietsiak sentitzen gara Gramatika Batzordekideak, gure lana ez da behar bezala baloratu erakundean, eta ostiraleko osoko bilkuran batzordearen proposamenak aurrera ez egiteak erakusten du akademiaren konfiantza galdu dugula. Egoera bere onera etortzen bada, beti izan dugun konfiantza-girora, jakinaraziko dugu prest gaudela gure lanean segitzeko. Bien bitartean, ez”. Makazagaren esanetan oso larria da hizkuntzaren akademia batean funtsezkoa den gramatikaren arduradunek blokean dimisioa ematea, eta ez da halakorik gertatu orain arte.
Batzordeko kide gisa dimititu duten arren, euskaltzain moduan jarraituko dute dimisioa eman duten hamabost batzordekideek, tartean Jesus Mari Makazaga elgoibartarrak.
•Presidentearen erantzuna
Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentearen berbak ere jaso ditu Berria egunkariak. Ez zuela albistearen berri adierazi ostean hauxe ohartarazi du: "Ez dago inor Euskaltzaindian jarraitzera behartuta". Horrez gain, "egoera zailagoak bideratu" dituztela azaldu du Urrutiak. Batzorde guztiekiko konfiantza berretsi du, eta nabarmendu erabakiak osoko bilkurak hartzen dituela.
•Ibon Sarasolak ere dimisioa aurkeztu du
Gramatika Batzordeko kideen dimisioaren ondoren etorri da Sarasolaren iragarpena: utzi egingo du Hiztegi Batuaren ardura. Gustura ez dagoelako utziko du kargua: “Azken bolada honetan Euskaltzaindian ikusten dudan giroa ez da gogokoa. Ez naiz eroso sentitzen” baieztatu dio Berria egunkariari.
Gramatika Batzordeko kideen dimisioaren ondoren etorri da Sarasolaren iragarpena: utzi egingo du Hiztegi Batuaren ardura. Gustura ez dagoelako utziko du kargua: “Azken bolada honetan Euskaltzaindian ikusten dudan giroa ez da gogokoa. Ez naiz eroso sentitzen” baieztatu dio Berria egunkariari.
∞Lotura duten albisteak:
- 'Elgoibarko Euskara' liburua oso-osorik kontsultatu daiteke sarean (2011-11-30)
- 'Elgoibarko ahozko euskara' liburua aurkeztu du Makazagak herritarren aurrean (2011-10-20)
- ‘Elgoibarko ahozko euskara’ liburua aurkeztu du Jesus Mari Makazagak (2011-04-07)
- EHUko Euskara Zerbitzuburu izendatu dute Jesus Mari Makatzaga (2011-02-16)