San Silvestreko lasterketa Elgoibarren: abenduaren 31n, 00:01ean

elgoibarren.net 2013ko abe. 5a, 15:12

San Silvestre Egunean, abenduaren 31n, San Silvestreko lasterketan korrika irtetea izaten da kirolzale askok urteari agur esateko duten modua. Elgoibarren ere izango da horretarako aukerarik aurten, Urgazi Triatloi taldearen lekukoa hartuz, Mintxeta Atletismo Taldeak hartu baitu lasterketa antolatzeko ardura. Nobedadeekin datoz antolatzaile berriak, Elgoibarren jokatuko baita San Silvestre Egunean “Europa osoan” egingo den lehen lasterketa, abenduaren 31n, 00:01ean, hain justu ere.



 Euskal Herrian herri eta hiri askotan antolatzen dituzte urtero San Silvestre lasterketak {40 inguru egin ziren iaz}. Kolore guztietakoak daude: popularrak, konpetitiboak, urte askotakoak, berri-berriak, ... Norberak hobekien datorkion ordutegia eta afalduko duen lekuaren arabera aukera dezake zein herritako lasterketan parte hartu. Mintxeta Atletismo Taldeak Elgoibarren antolatuko duenak badu berezitasun bat: irteerako ordua, hain zuzen ere. Abenduaren 31n, eguneko lehen minutuan (00:01ean) emango diote irteera Elgoibarko San Silvestreari. Honenbestez, San Silvestre Eguneko Europako lehen lasterketa izan daitekeela uste du Mintxetako kide Zigor Diezek. “Guk behintzat ez dugu ordu horretan jokatzen den beste San Silvestreko lasterketaren berririk”.

Elgoibarko lehen San Silvestrea 2006an
 Aurrez ere jokatu izan dira San Silvestreko lasterketak Elgoibarren. Urgazi Triatloi Taldeak 2006ko Urte Zahar Egunean antolatu zuen estreinakoz. Harrera ona eduki zuen lasterketak eta 156 lagunek parte hartu zuten lehenengo ekinaldian. Hurrengo hiru urteetan (2007, 2008 eta 2009) ere hainbat lagunek agurtu zuten urtea antxitxika. 2010eko eta 2011ko ekitaldietan, baina, Gabon Zahar Feriarekin bat egin zuela-eta, San Silvestreko lasterketa ez antolatzea erabaki zuten antolatzaileek. 2012an, aldiberekotasun arazorik egon ez arren, ez zen inor animatu proba antolatzera. Hala eta guztiz, 70 bat lagun inguru batu ziren, ia espontaneoki, korrika egitera. Plazan bildutakoen artean erabaki zuten ibilbidea eta Elgoibarko kaleetan barrena korrika ibili ziren.
  • Aurrez egin diren San Silvestreko Elgoibarko lasterketen kronikak eta irudiak: 2006, 2007, 2008, 2009, ...2012
Txokolate beroa amaieran
 Aurten, hortaz, Elgoibarko San Silvestrea berreskuratuko dugu Mintxeta Atletismo Taldearen eskutik. Dortsalekin egingo dela lasterketa aurreratu du Zigor Diezek, hau da, denborak neurtuko dituzte. Era berean, garaikurrak ere egongo dira eta parte hartzaile guztiei txokolate beroa banatuko diete probaren amaieran. Izen ematea bi euro kobratuko dute, baina lerro hauek idazteko orduan zehaztu gabe zuten aurre salmenta nola eta non egingo duten. Modu bertsuan, ibilbidea ere erabat zehaztugabe daukate oraindik, baina bost bat kilometrokoa izango dela jakinarazi du Diezek. Jokatuko den ordua ikusita, korrikalariak eta ikusleak girotzeko ezusteko txiki bat prestatzen ari direla ere gaineratu du.

  Gauerdian korrika egitea ez da horren arraroa. Izatez, munduan egin zen aurreneko San Silvestreko lasterketa urte berria iragartzen zuten hamabietako kanpaiak entzun ostean jokatu zen 1925ean Brasilen, Corrida Internacional de São Silvestre lasterketa egin baitzuten

1706637146366 San Silvestreko lasterketa Elgoibarren: abenduaren 31n, 00:01ean

1706637146480 San Silvestreko lasterketa Elgoibarren: abenduaren 31n, 00:01ean