Iñaki Azurmendi beasaindarrak irabazi du Elgoibarren jokatu den Euskadiko aizkolari txapelketa

elgoibarren.net 2013ko abe. 9a, 13:46

 
Kiroldegia jendez bete zen atzo Euskal Herriko maila nagusiko aizkora txapelketako finala zuzenean jarraitzeko. Momentuko sei aizkolaririk onenak aritu ziren nor baino norrago eta Iñaki Azurmendi arriarandarrak (Beasain) amaitu zituen lanak azkarren. Honenbestez, bigarrengoz irabazi du maila nagusiko Euskadiko txapelketa. (bideoa eta argazkiak dauzka)



 Elgoibarrek estreinakoz hartu zuen atzo (abenduak 8) Euskal Herriko maila nagusiko aizkora txapelketako saio bat, 29. edizioko finala, hain justu ere. Momentuko sei aizkolaririk onenak bildu ziren Olaizaga kiroldegian.

 Finalera sailkatutako aizkolariek hamabi pago-enbor ebaki behar zituzten; lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Iñaki Azurmendi beasaindarrak aise gainditu zituen aurkariak eta bera izan zen lanak amaitzen azkarrena, 38 minutuko denborarekin. Aitzol Atutxa bizkaitarra sailkatu zen bigarren. Dimako aizkolariak Azurmendik baino bi minutu eta erdi gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko. Floren Nazabal eta Joxe Mari Olasagasti sailkatu ziren, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren postuetan. Azurmendik maila nagusian lortu duen bigarren txapela da Elgoibarren eskuratutakoa, 2011n lortu baitzuen estreinako txapela. Gipuzkoako maila nagusiko lau txapel ere irabaziak ditu, horietako azkena aurten. (irakurri Iñaki Azurmendiren adierazpenak goierri.hitzan)
  Euskal Telebistak zuzenean eman zuen finala eta honako bideoan ikusi dezakezue Olaizaga kiroldegian jazotakoaren laburpena:
 
ARGAZKIAK
 
 
∞Lotura duten albisteak: