Eguberrietako bertso-saiorako sarrerak abenduaren 16an jarriko ditu salgai Elgoibarko Izarrak

elgoibarren.net 2013ko abe. 9a, 17:40

Abenduaren 27an, barixakuan, izango da eguberrietako bertso-saioa. Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan, Uxue Alberdik jarritako gaiei erantzunez. Argitu gabe dagoena zera da: txapeldunak Elgoibarren abestuko al duen? Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako sailkatu diren zortzi finalistetatik hiru etorriko dira Elgoibarrera, tartean egungo txapeldun Maialen Lujanbio. Txapelketaren harira, porra bat ere antolatu du Elgoibarko Izarrak.



1706637140770 Eguberrietako bertso-saiorako sarrerak abenduaren 16an jarriko ditu salgai Elgoibarko

Eguberrietako bertso-saioa ate joka dugu dagoeneko. Abenduaren 27an, barixakuan, izango da saioa 22:00etan, Herriko Antzokian, eta Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan. Joan den urtean moduan, aurten ere Uxue Alberdik egingo ditu gai-jartzaile lanak.
Musikariak ere oholtzara
  Berrikuntza txiki bat gehitu dio Elgoibarko Izarrak aurtengo saioari. Aitor Nova eta Nahia Membrillera musikari elgoibartarrak ere hartuko baitute parte saioan, bertsolarien lana musikaz janzteko.

Sarreren salmenta
 Sarrerak abenduaren 16an, datorren astelehenean, jarriko ditu salgai Elgoibarko Izarrak Ubitarten daukan lokalean, eta abenduaren 23tik aurrera Pitxintxu dendan erosi ahalko dira. Saioaren egunean bertan 21:30ean zabalduko da takila, betiere aurre-salmentan sarrera guztiak saldu ez badira. Kontutan izan behar da, Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin bat egiten duen urteetan jende gehiago joaten dela Elgoibarko Izarrak antolatzen duen bertso saiora. 10 euro balio ditu sarrerak (9 euro Elgoibarko Izarrako bazkideentzat).

Bi sarrera irabazi nahi?
 Lehiaketa txiki bat jarri dute martxan antolatzaileek. Domekan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren harira, porra egin eta lehenengo hiru bertsolarien izena asmatzen dutenen artean bi sarrera zozketatuko dituzte. Porran parte hartzeko bi modu daude. Batetik, Facebook bidez. Horretarako Elgoibarko Izarrak Facebook sare sozialean duen profilaren laguna egin behar da eta han idatzi porra (iruzkin moduan). Bestetik, Twitter bidez ere egin daiteke porra, ‪#‎TxapeldunaElgoibarren‬ traolarekin. Abenduaren 14 da porra egiteko azken eguna.
Hona hemen domekan, abenduaren 15ean, BECen izango diren zortzi bertsolarien izenak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.