Kontzezio Azoka eguna giro onean ospatu zuten mendaroarrek

elgoibarren.net 2013ko abe. 10a, 14:05

Eguraldia lagun, -hotz baina oskarbi egin zuen-, giro onean ospatu zuten mendaroarrek eta bertara inguratutakoek aurtengo Kontzezio Eguneko azoka, joan den abenduaren 7an. Baserriko produktuen eta abereen azokaz gainera, dantza erakustaldiek eta, batez ere, herri-kirol proba ikusgarriek jende asko erakarri zuten Mendarora. (argazkiak, bideoa eta herri kiroletako  emaitzak dauzka)


Lokotx bilketa Vs intxaurrak ipurdiarekin apurtzea
 Herri kirol dema ikusgarriak eta bereziak antolatu ditu Mendaroko Udalak azken urteetan. Iaz esaterako, Juan Carlos Diez Soto ormaiztegiarra munduko Guinness errekorra ontzen saiatu zen, intxaurrak ipurdiarekin apurtzen. Eta, ondu ez bazuen ere, errekorra berdintzea lortu zuen Mendaroko plazan. Sotoren erakustaldiaz gainera, Mendaroko giza-proba taldeak iazko azoka egunean egin zuen debuta herritarren aurrean. 2011n ere herri kirol jaialdi handia antolatu zuten Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki trontzalariak omentzeko. Zeresan eta ikusmin handiena, baina, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak, Sonia Garcia, Mendaroko alkatea, eta Toki Alai jatetxeko Nerea Arebalo lagun zituztela egin zuten trontza apustuak sortu zuen.
 Aurten ere ez da erronka ikusgarririk falta izan. Goiz partean, Jon Larrañaga (Mendaro, 1982) eta Juan Carlos Soto (Ormaiztegi, 1968) lehiatu ziren elkarren aurka. Soto munduko txapelduna da ipurdiarekin intxaurrak apurtzen, eta hain justu ere, horixe izan zuen egin beharreko lana: ipurdiarekin 200 intxaur apurtzea. Larrañagak, berriz, lokotx batzen jardun zuen. 50 lokotx bildu behar zituen Sotok intxaur guztiak apurtu baino lehenago, baina ez zuen lortu, ormaiztegiarrak azkarrago bukatu zituen-eta lanak.
Mendaroarrak nagusi giza-probetan
 Arratsaldean giza proben ordua izan zen. Lehenengo, gizonezkoetan, Itziarko, Orioko eta Mendaroko taldeak lehiatu ziren. Hogeina minutuko saioak egin zituzten, 800 kiloko harriarekin, eta Mendaroko taldeak egin zituen plaza gehien: 58 plaza eta erdi. Itziarko taldea sailkatu zen bigarren postuan 56 plaza eta erdirekin. Orioko taldeak egin zuen plaza gutxien, 54, hain justu ere. Bitxikeria, baina, emakumezkoen saioan egon zen. Manu Maritxalarren eta Imanol Gonzalezen laguntza izan baitzuten Mendaroko giza probetako taldekoek. (goiko bideoan ikus dezakezue)
Baserritar jantzi dotoreenak
 Lehiaketa gehiago ere izan zen azokan. Baserritar jantzi dotoreenen sariak Maialen Olazabalek eta Roke Landak irabazi zituzten. Erriberako otar bana jaso zuten saritzat. Era berean, Erriberako produktuz betetako otarraren zozketan Jon Ander Urbieta eta Jose Garcia izan ziren irabazleak. Gaztaren pisua asmatu beharreko lehiaketan, berriz, bitan banatu behar izan zuten gazta, bi lagunek asmatu baitzuten pisua, Igone Urbietak eta Iosu Zialtzetak.
ARGAZKIAK: