Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak Elgoibarren

elgoibarren.net 2013ko abe. 11a, 17:04

Anateusk Gizarte Berrikuntzarako Zentroak pertsonen osasuna, hezkuntza eta ongizatea sustatzen ditu, animalien eta naturaren laguntzarekin. Garatzen diharduten egitasmo berritzaileenetariko bat ezagutzera eman dute gaur, Elgoibarren egin duten nazioarteko topaketan. Laguntza txakurrak hezten dituzte autismo espektroa duten haurren familiekin elkarlanean, eta Bat izeneko txakurrarekin ari dira bidea irekitzen. Autismoa duen Xabi ume elgoibartarrarekin eta bere familiarekin bizi da Bat, azken hiru hilabeteetan. (argazkiak dauzka)


 International Meeting Point In Elgoibar: Laguntza txakurrak Autismoaren Espektroa duten Haurren Familientzat izeneko topaketaren bilgune izan da gaur Elgoibarko udaletxea. Anateusk Zentroko arduradunek azken urteetan egin duten lana aurkeztu nahi izan dute "Elgoibartik mundura". Autismoa eta laguntza txakurren alorrean lanean diharduten adituak gonbidatu dituzte batzarrera. Horietako bik gainera, bideokonferentziaz parte hartu dute; Alberto Alvarezek Australiatik eta Nuala Gadnerrek eskoziatik. Zamorakoa da sortzez Alberto Alvarez, baina une honetan Australiako Guide Dogs Queensland-Brisbane erakundeko laguntza txakurren heziketaren arduradun nagusia da. Nuala Gadner, berriz, erizaina, emagina eta autismoaren espektroa nahasita duten bi umeren ama da. Bere bizitza eta bizipenetan oinarrituta “Un amigo como Henry” izeneko liburua idatzi zuen Gadnerrek. Euren bizitzetan txakur bat sartu ostean, Nualaren seme Dale eta familia osoaren bizitza nola aldatu zen kontatzen du liburuak. Gero, liburuan oinarrituta, “After Thomas” dokumentala egin zuten. (Youtuben ikusi daiteke, erdarazko azpitituluekin)

Proiektu pilotu berritzailea
  Anateusk Gizarte Berrikuntza Zentroko zuzendari Eneko Kortabarria elgoibartarraren esanetan, Anateusk eta Elgoibar "erreferente" bihurtzen ari dira eta horregatik antolatu dute nazioarteko topaketa hau Elgoibarren. "Gure alorrean munduko programa berritzaileenetarikoa dena garatzen ari gara Olaizaga kiroldegian: AFAINE programa, hain justu ere”. 2011n jarri zuten martxan egitasmoa Elgoibarko Udaleko Ongizate, Gazteria eta Kirol sailen "ezinbesteko" laguntzarekin. Behar bereziak dituzten umeekin lan egiten dute, batez ere down sindromedun umeekin eta autismoa dutenekin. Gizarteratzeko bideak errazten dizkiete horiei, animalien laguntzaz. Batik bat umeen koordinazioa eta psikomotrizitatea lantzen eta garatzen dituzte. Orain arte zazpi umerekin jardun dute lanean, astean saio bat eginez. Egitasmo horretan du sorburua, hain zuzen ere, laguntza txakurrak autismoaren espektroa duten haurren familien bizimoduan sartzeko proiektuak. "Gaur jendaurrean ezagutzera eman dugun hau, proiektu pilotua da oraingoz, baina hasi da fruituak ematen", adierazi du Anateuskeko presidente Jesus Bilbao elgoibartarrak.

"Bat", familiako kide bat gehiago
  AFAINE programan parte hartzen ari zen ume elgoibartar bat, Xabi, eta bere familia laguntza txakur bat hezi eta euren familiako kide bat gehiago izateko hautagai egokia zela ikusi zuten Anateusk zentroko arduradunek. Hala, duela bi hilabete eta erdi ailegatu zen Bat izeneko txakurkumea Pili eta Javier senar-emazte elgoibartarren etxera, euren seme Xabiri, eta familia osoari laguntzera. Txakur berezia da Bat. Edozein txakurrek ez du balio egun guztiko eta 356 egunetako terapia honetarako. Hori dela-eta egunero daude hartu-emanetan Anateuskekoak eta Xabiren gurasoak.
Magiarik ez, laguntza handia bai
 Behar den moduan hezita, laguntza txakur batek onura asko ekar ditzakeela azaldu du Eneko Kortabarriak. “Txakurrak ez du autismoa sendatzen, noski. Ez du magiarik egiten, bidea erraztu baizik. Eguneroko bizimoduan asko lagun dezake, eta hori horrela dela egiaztatzen duten adibide ugari daude munduan. Nuala Gadnerren kasua da bat. Bere seme Dalek bizi zuen blokeo egoera, hein batean, txakurrari esker askatu zuen. Ezohizko kasua da, bai, baina benetakoa. Izan ere, txakurrari esker, autismoaren espektroa duten haurrek besteekin dituzten erlazioak asko hobetzen dira eta, oro har, umearen bizi kalitatea hobetzen du”. Ildo beretik, umearen eta bere familiaren arteko harremana hobetzen ere laguntzen duela adierazi du Kortabarriak. “Behar bereziak dituzten haurren familietan arazo asko egon ohi dira, egoera zailak bizi baitituzte”.
Txakurra, pieza bat gehiago puzlean

1706637122848 Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak

Txakurrak zubi lanak egiten ditu, familiaren eta umearen arteko komunikazioa sakonduz eta hobetuz. "Nolabait azaltzearren, bizitza puzle bat balitz, txakurra puzleko pieza bat gehiago da. Edo beste konparazio bat erabilita, umearen garapenean adreilu bat gehiago jartzen ari gara txakur bat bere bizitzan sartuta”.
 
Nazioarteko bihurtzea helburu
  Bat txakurra laguntza handia izaten ari dela azaldu du Xabiren amak, Pilik. Bat etxean sartu zen unetik Xabik oso ondo hartu duela txakurra esan du eta baita Batek Xabi ere. Txakurrak bi hilabete eta erdi zituenean ezagutu zuten elkar. Orain bost hilabete ditu txakurrak eta bien arteko lotura "poliki-poliki sendotzen" ari dela jakinarazi du Pilik. Lasaiago dago Xabi eta gutxiagotan haserretzen da. Bien arteko harremana hasi besterik ez da egin, txakurrak umearen beharretara egokitu beharko baitu aurrerantzean.
 Era berean, bide luzea eta lan asko dute aurretik Anateusk zentroko arduradunek, baina itxaropen handiak dituzte jarrita egitasmo honetan. Garatzen eta aldi berean probatzen ari diren metodologia zabaldu eta hedatzean jarrita dute orain erronka, alegia, nazioarteko bihurtu nahi dute. "Proiektu txiki handi bat da Anateusk, eta Elgoibarko Udalak hasieratik eman digun babesarekin pauso bat gehiago eman nahi dugu gure bidean".
Alberto Alvarez, aritua eta aditua
 Kanadarrak izan ziren aitzindariak laguntza txakurrak hezten. Haien eragina jaso ostean, irlandarrak izan ziren lehenak Europan. Irish Guide Dogs for the Blind erakundea sortu zuten 2005ean, itsuentzako laguntza txakurrekin lan egiteko. Gaur egun Australian ere lan handia egiten ari dira eta instituzioen babes handia dutela nabarmendu du Eneko Kortabarriak. Itsuentzako eta ume autistentzako laguntza txakurrak hezten ditu Alberto Alvarezek Australian. "Iaz Elgoibarren izan genuen bisitan eta zorte handia dugu bera moduko erreferente eta aditu bat lagun izateagatik", esan dio Kortabarriak Skype bidez izan duten elkarrizketan. Horrela dela berretsi du Alberto Alvarezek Brisbanetik. Han, laguntza txakur bat behar duen familia batek 15.000 dolar australiar (10.000 euro inguru) ordaintzen ditu txakur bategatik. Balio duenaren erdia, alegia. Beste erdia laguntzen bitartez jasotzen dute. Horrelako txakur bat heztea prozesu luzea eta garestia dela esan du Alvarezek. Alabaina, esfortzu eta ahalegin guztiek merezi dutela dio ziurtasunez. "Enekok esan duen moduan, txakurrek ez dute ezer sendatzen eta beti ez dira egokiak ume eta familia guztientzat. Ume bat hautagai ona izan daiteke laguntza txakur bat izateko, baina, beharbada, bere familiak ez ditu baldintzak beteko. Baldintza guztiek bat egitea zaila da. Hala eta guztiz, baldintzak ematen direnean eta txakurraren, umearen eta familiaren arteko harremanak funtzionatzen duenean, orduan bai, orduan magikoa da, zoragarria".

ARGAZKIAK:

Nuala Gadnerrek bideokonferentziaz parte hartu duen unea.

Alberto Alvarezek bBrisbanetik bideokonferentziaz parte hartu duen unea

1706637123251 Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak

1706637123376 Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak

1706637123455 Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak

1706637123590 Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak

1706637123719 Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak

1706637123860 Autismoa eta laguntza txakurrei buruzko nazioarteko topaketa egin du Anateusk zentroak