San Bartolome parrokian izango da eguberrietako bertso-saioa

elgoibarren.net 2013ko abe. 17a, 12:04

 
Atzo saltzen hasi eta iluntzerako eguberrietako bertso saiorako sarrera guztiak agortu ziren. Hortaz, sarrera salmentaren arrakasta ikusita, eszenatoki handiagoa topatu behar izan du Elgoibarko Izarrak, eta Herriko Antzokitik San Bartolome parrokiara lekuz aldatu dute bertso saioa. Gaur arratsaldean, 16:00ean, abiatuko da berriz sarreren salmenta Elgoibarko Izarran bertan.

 
 
  Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin bat egiten duen urteetan erakarmen handiagoa izaten du Elgoibarko Izarrak Eguberrietan antolatzen duen bertso saioak, eta aurten ere halaxe izan da. Salgai jarri zituzten lehenengo egunean agortu ziren sarrera guztiak, atzo, eta saioa San Bartolome parrokiara eramatea erabaki dute.

16:00etan abiatuko da sarreren salmenta
  Gaur arratsaldean, 16:00etatik aurrera, hasiko dira berriz sarrerak saltzen. Oraindik ez dakite zenbat sarrera jarriko dituzten salgai, baina ez dute sarrerarik gordeko. Beraz, sarrera gabe geratu nahi ez duenak azkar ibili beharko du. Sarrerak Elgoibarko Izarrak Ubitarten daukan lokalean salduko dituzte, ohi duten moduan.
  Pertsona bakoitzak gehienez ere hamar sarrera erosi ahal izango ditu.
 

1706637115174 San Bartolome parrokian izango da eguberrietako bertso-saioa

Euskal Herriko hiru txapeldun Herriko Antzokian
 Abenduaren 27an, barixakuan, izango da saioa 22:00etan, San Bartolome parrokian, eta Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan. Hortaz, azken hiru Bertsolari Txapelketa Nagusietako irabazleek bat egingo dute parrokian egokituko duten oholtza gainean: Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta joan den domekan txapela jantzi zuen Amets Arzallusek.
 Joan den urtean moduan, aurten ere Uxue Alberdik egingo ditu gai-jartzaile lanak.