AVT elkarteak protesta ekintza bat antolatu du Elgoibarren, abenduaren 28rako

elgoibarren.net 2013ko abe. 17a, 15:02

 
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT gaztelaniazko sigletan) jakinarazi du protesta ekitaldi bat antolatu duela abenduaren 28rako Euskal Herriko bost udalerritan, tartean Elgoibarren. ‘Parot doktrina’ indargabetzearen aurkako protesta ekintza izango da.

 


 Parot doktrina indargabetzearen ondorioz, dagoeneko “ia 70 terrorista” laga dituztela aske salatu du AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak. Espetxetik ateratze horien aurka protesta egiteko ekintza bat antolatu dute bost herritan, “askatu dituzten preso horietako batzuek bizi diren herrietan edo ETAk hilketak egin zituen herrietan”, hain zuzen ere. Hala, Elgoibarren, Eibarren, Arrasaten, Elorrion eta Durangon egingo dituztela protestaldiak aurreratu zuen Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidenteak kazetarien aurrean Madrilen egin zuen agerraldian, joan den abenduaren 11n.
 Abenduaren 28rako antolatu dute salaketa ekintza, eta, beraz, Gabon Zahar Feria egunarekin bat egingo du Elgoibarren.

•Autobusak Madriletik
 Aipaturiko bost herrietan lore eskaintza batekin irudikatuko dute ‘Parot doktrina’ indargabetzearen aurkako gaitzespena. Madriletik Euskal Herrira etortzeko autobusak antolatu dituzte eta horietan mugituko dira herri batetik bestera. 6:30ean irtengo dira Madriletik eta Arrasaten egingo dute lehen geldialdia. Pedrazak kazetarien aurrean azaldutakoaren arabera, biktima askok hala eskatu dietelako antolatu dute protesta erromesaldi hau. “Biktimek Euskadira joan nahi zuten, aurpegian duten mina ikus ziezaieten. ETAK hilketak egin zituen lekuetan biktimak omentzeko eguna izango da. Terrorismoaren biktima guztiek merezi dute egia, memoria, duintasuna eta justizia, eta horiek azaleratuko ditugu, orain arte terrorista hiltzaileak omentzeko omenaldiak bakarrik egin diren lekuetan”. (iturria: avt.org)
 
*Argazkia: EFE.