Organu eta ehunen transplanteei eskainiko dio EiTBk telemaratoia

elgoibarren.net 2013ko abe. 19a, 13:36

Oparitu bizitza da aurten EiTBko telemaratoirako aukeratu duten leloa. Organu eta ehunen transplanteen gaia azaleratuko dute, eta batzen duten dirua ikerkuntzarako erabiliko dute oso osoan. Gaur (abenduak 19) egingo dute telemaratoia EITBn, eta egun osoan zehar, organu eta ehun transplanteen gaineko informazioa zabalduko dute bai telebistaz zein irratiz. Koro Aldaz elgoibartarrak ere parte hartu du telebistarako egin duten grabazio batean.

 

 Alcer Gipuzkoako presidentea da Koro Aldaz, eta duela hogei urte transplantatu zioten giltzurruna, alabaz erditu eta gutxira, sei urtez dialisia egiten ibili ostean. Ez zituen urte errazak bizi izan, baina gaur, emaile anonimo hark emandako giltzurrunari esker, bizimodu "normala" egiten du, eta zorionekoa da. "Asko zaintzen naiz, organua eman zidan hari ere zor diodalako, baina gainerakoan oso ondo nago". Ordutik gaur arte, gauzak asko aldatu dira, eta nabarmen gutxitu da transplantatzeko zain daudenek zain egon beharreko denbora ere.

1706637091598 Organu eta ehunen transplanteei eskainiko dio EiTBk telemaratoia

"Emaileei zor diegu. Horregatik da oso garrantzitsua jendea organu eta ehunen beharraz ohartaraztea eta emateko prest daudenek euren inguruan gai honen berri naturaltasunez hitz egitea eta ingurukoek haien iritzia errespetatzea", adierazi du Ines Sesmak. Zortzi hilabete egin zituen berak dialisian eta duela hamabost urte aldatu zioten giltzurruna. Urtebetera lanean zegoen. Badu Agurtzane Garziaren kasuarekin antzekotasunik. Garziak datorren urtean beteko ditu zortzi urte transplantatu zutenetik. Hogei hilabete egin zituen berak dialisian: hogei hilabete, astean hiru egunetan lau orduz dialisia egiteko makinari lotuta.

Bizi asko salbatzeko aukera
 Pasa zuten euren kalbarioa, denbora guzti horretan dena ez delako zoriona, baina gaur bizitako guztiaren alde onari erreparatzen diote. Esker oneko hitzak baino ez dituzte bizia eman zietenentzako, alboan egokitu zitzaien mediku eta erizain taldeentzako, urtean zehar euren elkartea diruz laguntzen dutenentzako, eta baita, jakina, gaur organoak edota ehunak ematea erabakitzen dutenentzat. Organu emaile bakar batek bizi asko salba ditzakeela ohartarazi dute.

EiTB maratoia egun osoan
 Mende hasieran, 2.000. urtean, hasi zen EiTB elkartasun maratoiak antolatzen. Aurtengo maratoia Organo eta Ehunen Transplanteen gaineko ikerketara zuzenduta dago, eta 'Oparitu Bizia' da aukeratu duten leloa. Diru ekarpenak egiteko hiru era daude: 902 542 525 telefono zenbakian, Kutxabanken zabalik dagoen kontu korrontean (2095 0611 00 9109513824) eta Internet bidez.
Bitxikeria bat ere badu aurtengo elkartasun maratoiak, Iker Karrera kirolari amezketarrak egingo duen erronka solidarioa, hain zuzen ere. EiTBk Bilbon duen egoitzatik Pagasarri mendira ahal bezainbeste alditan igotzen saiatuko da, 12 orduz, transplanteen aldeko kanpainari bultzada emateko asmoz. Dagoeneko ekin dio bere erronkari.